30 urte borrokak uztartzen, Herriok burujabe!

Badira 30 urte Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalista jaio zela. Hamaika dira urte horietan guztietan burututako dinamikak, kanpainak, elkartasun-keinuak, eta nola ez, babestutako askapen-prozesuak. Herri mugimendutik, Euskal Herriko kaleak internazionalismoz bustitzea izan dugu helburu. Euskal Herria sozialista, feminista eta internazionalista eraikitze bidean, munduko herrien askapen-prozesuen bidelagun izateaz gain, gure herriko askapen nazional eta sozialari ere ekarpena egin nahi izan diogu, beti bezala joan-etorriko elkartasuna oinarri izanik.

Orain arteko bide luzeari jarraipena emateko, eta bidez batez, Askapenak borrokan 30 urte daramatzala ospatzeko, urriaren 7an, hementxe bertan, Berriozarren egingo dugun egun osoko ekimena aurkeztu nahi dugu.

Eguneko egitarauari dagokionez, goizeko 11etan ekingo diogu eguna alaitzeari trikitilari eta fanfarreekin. Aldi berean herriko hainbat gunetan argazki eta kartel historikoen erakusketa ezberdinak izango dira egun osoan zehar, eta Euskal Herria plazan hainbat eragileen postuak. Guzti honekin batera, plazan bertan Porrotx pailazoarekin “Euskal Herritik koloretako mundura irri, kanta eta dantza!” ikuskizunaz goxatuko ditugu ume, gazte eta helduen bihotz internazionalistak.

Eguerdiko 12etan ekitaldi politikoa izango dugu Musika Eskolako areto nagusian. Eguneko momentu garrantzitsuena izango da hau, eta bertan, Askapenaren azken 30. urteak gogoratzearekin batera hemendik aurrera emango ditugun urratsen berri emango dugu.

Ekitaldia amaitzean herri kirola izanen dugu Euskal Herri plazan, eta jarraian joaldun eta txarangek alaitutako kalejiran, 30. urteurreneko bazkari internazionalistara gerturatuko gara, Ilargi pistara. 10 €tan izango da bertako produktuekin eginiko bazkaria. Bazkarirako txartelak salgai izango dira herrietako ohiko lekuetan.

Arratsaldean berriz, Pantxo bakarlari mexikarrak girotuko du kafe eta koparen unea. Jarraian Berriozartik poteoa izango da elektrotxarangarekin eta eguna amaitzeko Che Guevarari omenadia eginez kontzertuak hasiko dira Ilargi pistan: Sorkun, Bide Bakarra, Ahuntzape eta TrikiTeens. Gaua amaitzeko Zulo-Alai elkartean DJ Tarantistak eta DJ Majaris arituko dira.

Egun honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu Euskal Herriko internazionalista guztiak. Gurekin batera, Euskal Herria sozialista, feminista eta internazionalista eraikitzeko konpromezuan berretsi eta Askapenaren 30. urteurrena ospatzera. Joan-etorriko elkartasuna eta Euskal Herria internazionalista iparrorratz, berandu baino lehen herriok burujabe izan gaitezen.

Gora Euskal Herria sozialista!
Gora Euskal Herria internazionalista!
Gora Askapena!
Hamaika herri, borroka bakarra!



Etiquetas: