Urriak 12: atzo, gaur eta beti, inperialismo espainiarraren aurrean Herriok erresistentzia!

cartelMila arrazoi ditugu Euskal Herrian urriaren 12a ez ospatzeko. Torturatzaileak goraipatzen dira egun honetan, genozidioak txalotu, baina batez ere, 500 urtez herriok bizi izan dugun zapalkuntza ezkutatzen da haien inperialismoa justifikatzeko. Askok argi dugu egun honek zer daraman bere erraietan. Horregatik, egiten ditugu herri eskolak ikastetxeetan. Horregatik mobilizatzen gara, 78ko erregimenaren kontra edota indar polizialak kanporatzeko. Eta nola ez, internazionalista bezala, horrexegatik gogoratzen dugu Abya Yalan gertaturikoa.

Baina, egun hau zorionez, erresistentziaren sinboloa ere bada. Duela 5 mendeko inperioaren aurrean, erresistentziaren bitartez biziraun dugunon erresistentziaren eguna. Espainietako mosketoien aurrean bizia eman zutenen, nola gaur egun bizi diren lurrak transnazionalen aurrean defendatzen dituzten jatorrizko herrien eguna. Burgesiaren aurrean sozialismoa eraikitzen duten langile eta herri sektoreen eguna. 78ko erregimenaren aurrean desobedientziaren bitartez haustura mahai gainean jartzen duten nazio zapalduen eguna. Finean, moldez eta itxuraz aldatzen den Espainiar inperialismoaren kontrako etengabeko erresistentziaren eguna.

Argi dago zentzu horretan, erresistentzia eta borroka izan direla, inperioaren aurrean arrakalak irekitzeko izan ditugun tresna eraginkorrenak. Herri langilearen batasunak, Inperioarekiko eta euren laguntzaileekiko bultzatu hausturak eraman gaitu historian zehar garaipenak eskuratzera. Modu horretan, Askapenatik, urriaren 12. honetan, Espainiar inperialismoaren, bere burgesia transnazionalaren eta hauen menpekoen aurrean Herrion erresistentzia goraipatzera deitzen dugu. Herri boterea eraikiz, desobedituz, Espainiar estatua kolokan jarriz lortuko dugu Espainiar inperialismoa suntsitzea.

Berandu baino lehenago, Hispanitatearen eguna, Herrion erresistentziaren eguna bilakatu dezagun!

Atzo eta gaur, Inperialismo espainiarraren aurrean Herriok erresistentzia!
Gora Herrion borroka!

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.