Irunen ere #Torturarikez

argazkia Tortura: Estatu terrorismoa Irungo Ernaitik ez dugu atzoko eguna pasatzen utzi nahi, torturaren aurkako salaketa ahots batez gehiago indartzeko. Guk ere ozen esan nahi dugu tortura praktikak amaitu behar direla, eta era berean, hauek ahalbidetzen dituzten baldintza politiko eta juridikoak.

Baina aratago joan nahi dugu. Ez gaude prest torturaz idatzia utzi nahi duten diskurtsoa onartzeko: estatuko funtzionario konkretu batzuen indarkeria kasuak direla, oso gutxi eta agertu diren kasuetan behar bezala zigortuak. Hau gezur hutsa da eta torturaren praktika sistematikoak ezkutatzen duen errealitate beldurgarriago bat estaltzeko erabiltzen da: Tortura arma politiko bezala erabilia izan dela alegia, estatuko goi karguek konszienteki erabilia helburu politikoak lortzeko.

Bi dira gutxienez ageriko helburuak:

-Indarkeria fisiko zein psikologikoz informazioa, inkulpazioak eta autoinkulpazioak lortzea. -Beldurra zabaltzea: Euskal Herriko askapen mugimendua osatzen duten pertsonen artean beldurra sartzea, antolaketak eta borrokak atxiloketa eta tortura ekar dezakeenaren ideia zabalduz. Hau joko makiabeliko baten bitartez egin izan dute, batetik tortura salaketen ohiartzuna ez gehiegi moztuz gure herrian, eta segituan, salaketa hauek ezeztatuz. Aspektu honek bihurtzen du bereziki tortura praktika terrorista bat, torturatua den pertsona deusesteaz gainera, bere inguru politikoko jendean beldurra zabaltzea bait du helburu. 

Torturaren izaera sistematiko eta politikoa argi erakusten digute berau jasan duten pertsonen testigantzek, baina baita datu orokorrek ere: Esaterako euskal herriko gatazka politikoarekin loturik, 9600 pertsona gutxienez(1960-2014)torturatuak izan direla dioen datu beldurgarriak.

Baina ez gaitezen engaina, tortura ez da iraganeko kontu bat, berau praktikatzeko baldintzak indarrean diraute, inkomunikazioa kasu. Gainera torturapean lorturiko informazioa egungo epaiketa politikoetan erabilia izaten ari da:

“...eskuak irekita kriston kolpeak ematen zizkidan aurpegian behin eta berriz. Lurrera erortzean nire ginera bota eta ni itotzeko keinuak lepoa estutzen zidan, saihetsetan ukabilkadak ematen zizkidan eta berriro aulkian eseri eta berriro lurrera. Tartean izugarrizko mehatxuak...”(26/11 sumarioan inputaturiko gazte bat)

Horrela egoera politikoaren eta klase zapaltzailearen erabakien arabera ber aktibatu daitekeen praktika da, ez dago berriro gertatuko ez denaren inungo bermerik.

Beraz tortura ez da lau txororen kontua, estatuko goi instituzioak inplikatuak dituen praktika ohiko eta sistematikoa da. Euskal Herriko mugimendu iraultzailea desegitea helburu duen politika guztien zati garrantzitsua izan da tortura. Planifikatua, konszientea, babestua eta helburu politiko konkretuek gidatua. 

Horregatik da tortura estatu terrorismoa, gerra zikinaren adibide bizia. 

Bukatzeko, elkartasuna adierazi nahi diegu torturak jasan dituzten pertsona guztiei, eta gogorki salatu nahi dugu botere gune eta instituzioetatik jasan behar izan duten mespresuzko tratua.

Etiquetas: