OTAN-TTIP EZ

29 urte igaro dira 1986ko martxoaren 12 hartatik. Orduan, Hego Euskal Herriak, gure herriaren historia antiinperialistako erabaki esanguratsuenetakoa hartu zuen: 931.367 gizon-emakumek, hau da, emandako botoen %62-k , ezezko borobila eman zioten NATO-ri. 29 urte igaro dira eta Euskal Herriak, bere erabaki irmoa gorabehera, egitura politiko-militar horretan indarrez sartuta jarraitzen du, berori giltzarri izanik estatubatuar eta europar estrategia inperialista garatzeko.


Izan ere, bloke sozialista eraitsi zenetik, NATO-k, bizi-bizirik irauteaz gain, kide gehiago bildu ditu bere jardun bidegabea sendotzeko. Gainera, bere eraginpeko eremua zabaldu egin du; nonahi eskua sartzeko bere ustezko eskubidea erabiltzen duen bitartean, isilpean nahiz agerian. Ekialdeko Europan 90.hamarkadan ezartzekoa zen kapitalismo basatia bultzatzeko, Jugoslavia zaharraren aurkako bonbardaketekin hasi zen bere jardunbidea, eta Iraken, Afganistanen eta Libian jarraitu zuen, beti ere toki bakoitzeko lehengaiak zakuratuz. Era horretara, NATO bloke kapitalista-inperialistak behar duen tresna politiko-militarra da, bere mundu mailako nagusitasuna mehatxatu edo zalantzan jar lezakeen edozer eragozteko martxan jartzen dena. Testuinguru honetan kokatzen dira Siriako eta Ukrainako azken esku-hartze erdigordeak. Bertan, kaosa eta gatazka zibilak sustatuz, NATO-k lurralde horiek desegonkortu eta, aldi berean, kontrolpean hartu nahi ditu, Errusia eta Txinaren aurka EEBB-ek daramaten borroka geopolitiko gordinean katebegi estartegikoak diren heinean. Ildo horretan egin zen, Galesen, joan zen iraileko NATO-ren goi bilera, non hazkundean dauden potentzia berriak geldiarazteko eta desaktibatzeko estrategia adostu zen. Horretarako, gastu militarra handitzea, eraso eta hedatze bizkorreko indar bat sortzea eta, hori gutxi balitz, 2015-eko amaieran maniobra erraldoiak abiaraztea erabaki zen. Goi mailako militarren ahotan “Europan 1944-tik gaur arte martxan jarritako lurreko, aireko eta itsasoko indarren mobilizazio handiena” ekarriko dute ariketa militar horiek. Begibistakoa da inperialismoaren adar armatuak giharrak berotu nahi dituela, bere erasoaldiko hurrengo urrats estrategikoak eman ahal izateko.


Hala ere, ez dute aski izan berrindartze politiko-militarrarekin. Inperialismo yankee-ak, aurrekaririk ez daukan bere hegemoniaren gainbeherak estututa, Europako potentziekin batera, bere proiektu ekonomiko-politiko neoliberala sakontzea erabaki du. Horretarako, hitzarmen berri bat abiarazi du; beti ere herriari bizkarra emanda: TTIP ituna (Merkataritza eta Inbertsioetarako Batasun Transatlantikoa, ingelesezko akronimoan). Itun honen bitartez are gehiago murriztu gura dituzte lan eskubideak, ingurugiroaren babesa eta eskubide sozialak. Gainera, herri burujabetzari geratzen zaion apurra ezabatzeko helburua ere badu, horiek guztiak transnazional handien botere eta etekin gosearendako oztopo diren neurrian. Bestalde, Europar nahiz estatubatuar herri langileengan edukiko lukeen eragin suntsitzaileaz gain, itun horrek interes politiko-ekonomiko yankee eta europarrak gotortu nahi ditu hazkundean dauden potentzia berrien aurrean, nazioarteko merkatu liskartsuei begira. Zentzu honetan, inor ez luke harritu beharko Hilary Clintonek berak TTIP-a “NATO ekonomikoa” izendatu izana, betiko bere harrokeria eta zekenkeriaz.


Egoera honen aurrean eta NATOri emandako ezezkoaren 29. urteurrenean gaudenez, Askapenak, bere garaian herriak ebatzi zuen bezala, egitura politikomilitar horretatik irteteko premia aldarrikatu nahi du; eta aldi berean, herritarrei borrokara dei egiten die TTIP-a, NATO-ren osagarri politiko-ekonomikoa, gure lurraldean ezar ez dadin.


Gora Euskal Herria antinperialista!

OTANI EZ!!

TTIPari EZ!

Gehiago jakiteko:

LA OTAN EL BRAZO ARMADO DEL IMPERIO

 

LA DICTADURA DE LA OTAN (13min)

 

EL EJERCITO SECRETO DE LA OTAN

Etiquetas: