Hassanna libre manifestazioa urtarrilaren 31ean Bilbon

fotoHassannaren egoeraren aurrean Euskal Herriko eragile ezberdinak batu eta urtarrilaren 31a larunbata, arratsaldeko 17:00tan Bilbon manifestazio egitea adostu dugu. Gurekin batera Hassannaren egoera salatu eta mobilizazioarekin bat egin nahi duten eragileei datorren asteartean urtarrilak 27, goizeko 11:00etan Arrupe Etxean (Bilbon) burutuko dugun agerraldira hurbiltzeko gonbidapena luzatu nahi dugu.

Bereziki euskal jendarteari Hassannaren egoera salatzeko kalera atera eta indarrak batzeko deia egin nahi diogu! Hemen datozen egunerako deialdi batzuk.

MOBILIZAZIOAK deialdiak

- Hernanin urtarrilak 27 asteartea, 20.00etan gudarien enparantzan

- Zarautzen urtarrilak 29 osteguna, 19:30etan lege zaharren enparantzan

- Iruñerrian urtarrilak 29 osteguna, 20:00etan udaletxe plazan

- Laudion urtarrilak 29 osteguna, 19:00etan Lamuza plazan

Askapenatik gogor salatu nahi dugu, beste behin ere, Espainiar Gobernuak Sahararen auzian duen jarrera. Urtarrilaren 19an igorritako dokumentuan, Hassanna Aalia gazte sahararrari asilo politikoa ukatu dio, hamabost eguneko epean espainiar lurraldea uzteko aginduarekin. Datozen egunetan antolatu eta iragarriko diren mobilizazioetara adi egoteko deia egiten diogu euskal jendarteari!

Hassanna Aalia (1988 Aaiun) 2011an atxilotua, torturatua eta espetxeratua izan zen. 2010. urtean Gdeim Izik (duintasunaren kanpalekua) bezala ezagutu zen protesta baketsuan parte hartu izanagatik. 2013. urtean epaitu zuten, bera presente izan gabe Marokoko Epaitegi militarrean.

Hassanari zein beste zenbait sahararri, bizi osoko espetxe zigorra ezarri zien auzitegiak (2013ko otsailaren 17an), aipaturiko kanpalekuaren antolaketa leporatuta. Inguruabar honetan gogoratu nahi dugu Rabaten buruturiko epaiketa militarra nazioartean gaitzetsia izan zen, eta bertan izandako ikuskatzaileek honen funts gabezia argia salatu zuten.

Epaiketa burutu zenean, bera Hego Euskal Herrian aurkitzen zen, eta jadanik eskatua zuen Asilo politikoa Espainian (2012an eskatu baitzuen, epaiketa militarra burutu baino lehen). Honek hiru urte beranduago eman dio ezezko erantzuna, jakinik Hassanna bere sorterrira itzultzeak atxiloketa, torturak eta bizi osoko espetxealdia suposatzen dituela. Irmoki salatu nahi dugu Espainiar Gobernuaren erabakia, logika ororen eta oinarrizko eskubideen aurkakoa baita.

Geroz eta ageriagoa da Espainiar gobernuak Marokorekiko duen hurbiltasuna, eta hau horren urrats bat gehiago besterik ez da. Konplizitate eta kolaborazionismo horren atzean dauden interesak ez dira berriak Espainiak Saharar lurrak legez kontra Marokori esleitu zizkionetik ez baitute etenik izan.

Aski da, eta gaurkoan ere Espainiari bere zor historikoa kitatzeko unea aspaldi igaro zela oroitu nahi diogu, Giza Eskubideen aurka egiteko unea amaitu dela! Ez dugu onartuko Hassanna Marokora igorri eta bizi osorako kondenatzea! Hare gutxiago Saharar herriaren aurkako eraso berri baten parte izatea! Guk gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu bai Hassannari zein bere inguruari ere, eta baita nola ez Saharar Herriari !

Okupazioarekin amaitu!

Sahara Askatu!

Hassanna libre!

Etiquetas: