Preso eta preso ohiak gose greban preso gaixoen askatasuna aldarrikatzeko

Etxarriko gose greba 13. egunean sartu da. Egun batzuetarako Angel Erdozia preso ohia batu zaie
Etxarrin Joxean Kortadik eta Fernando Lizeagak 13. eguna gose greban betetzen dutenean, kartzelan urte asko emandako beste preso ohi bat, Angel Erdozia Larraza “Iko”, batu egin zaie. Kasu honetan, Ikok ostegunetik igandeko gauera arte egongo da jan gabe borrokaldia indartzeko helburuarekin.

Etxarriko gose greba preso gaixoen askatasuna aldarrikatzeko burutzen ari dira.

Fiñuk txanda bukatu eta Xabik hasiera eman dio gose grebari Huelvako espetxean
Huelvako txandakako gose grebari dagokionez, asteazkenean Iker Olabarrietak bukatu zuen zazpi eguneko txanda eta ostegunean Xabi Garcia Gazteluk hartu du bere lekua. Hurrengo zazpi egunetan zehar Xabi gose greban egongo da.

Protesta hau preso gaixoen askatasuna aldarrikatzeko eta herria beraien alde mobilizatzeko kontzientziatzeko egiten ari dira.

Aletxuk eta Ibonek 20. eguna betetzen dute mitardean eta komunikazio greban
Aletxu Zobaran eta Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoek mitardean eta komunikazio greban daramate abuztuaren 8tik Valence-ko kartzelan. Sakabanaketa eta urruntzearen aurkako borrokan ari dira kartzela esperimental honetan.

Estatu frantsesak 26 kartzela ezberdinetan sakabanatuta ditu euskal preso politikoak, Valence-ko espetxean orain arte preso politikorik ez zegoelarik eta Euskal Herritik 900 kilometrotara dago.

Manifestazioa Etxarrin irailaren 3an
Borrokaldi hauek babesteko eta preso gaixoen askatasuna aldarrikatzeko, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak manifestazioa deitu du Irailaren 3an arratsaldeko 19:00etan. Etxarriko plazan hasiko da.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

Etiquetas: