Ekainaren 24an amnistiaren aldeko manifestazio nazionala antolatu dute Bilbon

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.- Hasteko, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak modu berezian gogoratu nahi du, gaurkoan 14. eguna gose greban eta itxialdian betetzen duen Iñaki Bilbao “Txikito” Lezamako preso politikoa.   

        Hain zuzen ere Puerto III-ko kartzelak bizi baldintzarik gogor eta murriztaileenak ezarri dizkionean, senide batekin eta lau hurkorekin inolako komunikaziorik mantentzea debekatu dionean, gehien estutzen ari zaizkionean bere printzipioei uko egin diezaien eta menderatzeari men egin diezaion, Txikitok borrokaldi gogorrari ekin dio Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa aldarrikatzeko. Txikitok erakusten du, horrela, orain arte kartzelan 33 urte pasatzea kostatu zaion borroka berean murgilduta jarraitzen duela.

        Gure mugimenduarentzat, Iñaki Bilbaoren jarrera duintasun eredua da eta bere borrokaldiari oihartzuna emateko berarekiko burutzen diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Amnistia, independentzia eta sozialismoa!

        Jarraian, ekainaren 24an Bilbon amnistiaren alde manifestatzeko deialdia egiteko agiria irakurtzera pasako gara:

         Azken 60 urteetan zehar kartzela izan da, eta oraindik ere bada, Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egin nahi dutenak baldintzatzeko Estatuek erabilitako tresna nagusia, bere ondorio diren erbestea eta deportazioarekin batera, gerra zikina eta tortura ahaztu gabe.

Kartzela disidentzia politikoaren aurkako errepresioaren azkenaurreko eskailera-maila da, Euskal Herriaren alde gehien eman dutenen erailketa selektiboaren aurretik datorren maila, hain zuzen ere. Batzuetan, kartzelak eskailera-maila bat gehiago igotzen du eta heriotza bera bilakatzen da.

Kartzela presoei tortura kronikoa aplikatzen zaien sarraski esparru hori da, urteetan zehar pairatzen duenaren barrenak pitzatzen dituen tortura, militante konprometituenen erresistentzia gaitasuna apurtzen saiatzen dena eta, Euskal Herriaren kasuan, euskal preso politikoen borondatea deuseztatzen saiatzen dena.

Labur esanda, preso politikoak bahitu gisa erabiliz herria ikaratzen saiatzeko erabiltzen duten instrumentu hori da kartzela. Gorputz eta arimaz aritutako pertsonarik ausartenek men egin baldin badute, men egin barik ezer ez dela existitzen azaltzeko Estatuek erabiltzen duten lengoaia bortitza da kartzela.

Bortizkeri honen guztiaren aurrean, hamarkada luzetan zehar euskal preso politikoek mantendutako jarrera eredugarria herri oso baten indarraren erakusle bihurtu da. Preso politikoek duintasun, ausardi eta elkartasun hitzen benetako zentzua agerian utzi dute etengabean.

Hein berean eta harresien beste aldetik, herriaren sektore konprometituenek errepresaliatu politikoek utzitako lorratzari jarraitu egin izan diote, askatasunaren helburura hurbilduko gaituzten independentzia eta sozialismoaren bidean aurrera egiten jarraitzeko.

        Estatuek bahituta mantentzen dituzten militante politikoek beti ulertu dute kartzelan, deportazioan ala munduko azken txokoan egonda ere, Euskal Herriaren askapen borrokari egin ziezaioketen ekarpenik handiena errepresioa haien borondatea makurrarazteko ezta gure herriaren borroka baldintzatzeko ere nahikoa ez dela erakustea izango zela.

         Erresistentzia jarrera hau izan da, hain zuzen ere, hamarkadetan zehar eta Estatuen etengabeko mehatxuen gainetik belaunaldi berriak borrokara batzen jarraitzeko bultzagarririk handiena. Errepresaliatuen jarrera izan da herriaren sua pizturik mantentzeko erregai nagusia eta herria izan da errepresaliatuen hauspoa.

         Hori dela eta, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua zapaltzen gaituztenen aurrean borroka eta duintasun jarreretan mantentzeagatik ezein preso babes politiko  eta humanorik gabe ez uzteko bere konpromisoan berresten da eta, ekainaren 24an, Bilboko Jesusen Bihotza Plazatik abiatuta, “Inoiz ez makurturik! Denon artean lortuko dugu! Amnistia Osoa!” lemapean manifestatzeko deia egiten dio Euskal Herriari. Borroka egiten jarraitu nahi dugulako, errepresaliatuen duintasuna defendatuko dugu. Ez zaituztegu bakarrik utziko! Jo ta ke amnistia lortu arte!

Autobusa Irundik
         Irundik manifestaziora autobusez joateko aukera egongo da. Autobusa Bixeratik 14:30ean aterako da eta 10€ balio du (ikasle eta langabetuak: 7€)

         Apuntatzeko, amnistiadonostia@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar duzu zure izena, telefono zenbakia eta busa Irunen hartuko duzula adieraziz.

Etiquetas: