GAZTE AKELARREA: SUGARREN DANTZAN INDEPENDENTZIARA

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek elkarrekin antolatu dute ekimena, "Sugarren dantzan independentziara!" lelopean. Martxa eta topagunearen arteko nahasketa bat izango dela iragarri dute.

Udaberriko ekimenak berezitasun bat izango du aurten: martxa eta topagunearen arteko nahasketa bat izango da. Apirilaren 13 arratsaldean irtengo dira Zornotzatik gazteak, ibiltzen, eta gauez helduko dira Igorrera. Han bi egun igaroko dituzte Euskal Herri osoko gazteek, apirilaren 15era bitarte.

Auzolanean eta autogestioan oinarrituta, Gazte Akelarrea aurreko udaberriko ekimenen bide bertsutik joango da: Gazte Danbada, Gazte Martxa eta Gazte Burutakzioaren antzera, ehunka gaztek antolatuko dute, elkarlanean. Leloak dion gisan, bestalde, independentziaren alde sugarren dantzan egingo dute dantza milaka eta milaka gaztek hiru egunez. 

Festa bat izatetik harago, hausnarketa, eztabaida eta konspiratzeko gune bilakatuko dute Gazte Akelarrea: hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, antzerkiak eta kontzertuak eskainiko dituzte, besteak beste.  

Aurreko urteko Gazte Danbadaren bideari jarraituz, gainera, iragarri dute hiru alorretan aldaketa sakonak egiten jarraituko dutela. Elikadurari dagokionean, tokiko eta garaiko produktuak jan eta edango dituzte. Bestetik, egitarauko eskaintza kultural osoa herritik eta herrirako sortutakoa izango da. Azkenik, zaintza erdigunean jartzeko apustua egingo dute, milaka gaztek egiten duten borondatezko lanari balioa emateko.


Etiquetas: