30 urte, borrokak uztartzen, herriok burujabe. Urriak 7 Berriozarrera!

Badira 30 urte Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalista jaio zela.

Hain juxtu ere, hemen, Zarautzen egin genuen geure lehen asanblada 1987an, eta hemen gaude, 30 urteren ondoren, orduko eta gaurko Askapenako militanteak. Urteak pasa arren Euskal Herri  sozialista, feminista, euskaldun eta internazionalista baten alde borrokan jarraitzen dugu.

Hamaika dira urte horietan guztietan burututako dinamikak, kanpainak, elkartasun-keinuak, eta nola ez, babestutako askapen-prozesuak. Herri mugimendutik, Euskal Herriko kaleak internazionalismoz bustitzea izan dugu helburu. Etorkizuneko Euskal Herria eraikitze bidean, munduko herrien askapen-prozesuen bidelagun izateaz gain, gure herriko askapen nazional eta sozialari ere ekarpena egin nahi izan diogu, joan-etorriko elkartasuna oinarri.

Sistema kapitalista inperialista heteropatriarkalak munduko herriak irentsi nahi ditu, nazio, klase eta genero zapalkuntzaren bitartez, ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Herriok, langileok eta emakumeok jazartzea da kapitalaren mekanismoa. Horretarako, egitura ugari sortu ditu sistemak, hala nola Estatu burges zapaltzaileak, Europar Batasuna, NATO, Nazioarteko Diru Funtsa edota Munduko Bankua. Denak ala denak, burgesiaren interesak babesteko aparatu politiko, ekonomiko eta militarrak. Horietako bakoitzak irauten duen bitartean, herriok autoritarismoa, menpekotasuna, beldurra eta errepresioa besterik ez ditugu izango aurrean.

Beraz, argi daukagu ez dagoela sistema honen baitan alternatibarik, berau suntsitu egin behar dela. Ezinbestekoa da erasoei erresistentziaz erantzutea. Ezinbestekoa da sistemaren kaiolatik haratago herri boterea eraikitzea. Ezinbestekoa herri langilea antolatu eta beste mundu bat eraikitzeko borrokara batzea. Gaurdanik loratzen ari den jendarte berria izango baita zapalkuntza horri alternatiba jartzeko gai izango den subjektu bakarra.

Horregatik, ez da batere erraza izan Askapenak determinazioz hautatutako bidea, sistemak ez baitu onartzen bere oinarria zalantzan jartzen duen proiekturik. Hala, beste mugimendu askoren gisan, kriminalizazio etengabea, manipulazioa eta intoxikazio mediatikoa jasan behar izan ditugu. Are gehiago, Askapenako kideen atxiloketei eta epaiketa politiko bati ere aurre egin behar izan diegu. Baina herriak libre izateko jaio gara, eta Estatua epaitu eta gure kideak nahiz antolakundea etsaien atzaparretatik askatzea lortu dugu.

Gainera, ez gaude bakarrik. Izan ere, asko dira gurekin batera alternatiba horren bila dabiltzan herri langile antolatuak. Horregatik eta beti argi izanda gure askapen-borrokan aurrera egitea dela munduari egin diezaiokegun ekarpenik onena, ezinbestekoa izango da munduko herri borrokalariei elkartasuna adieraztea. Haien askatasunak gerturatuko baikaitu geurera, geure askatasunak hurbilduko dituen bezala haienera. Horrexegatik zaigu ezinbestekoa internazionalismoa.

30. urteurren honetan Askapenatik, herrion burujabetza jarri nahi dugu erdigunean. Ez baita proiektu askatzailerik, burujabetzaren aldarrikapenik gabe. Burujabetza, ordea, ez soilik zentzu politikoan, hau da, lurralde jakin bateko erabakiak hartzeko gaitasun gisara ulertua. Burujabetza ekonomiaren, gorputzaren, elikaduraren, ekologiaren, hizkuntzaren, hezkuntzaren… gaineko boterea eskuratzea ere bada. Burujabetza herri langileek beren interesak defendatzeko duten tresna garrantzitsuenetakoa da.

Orain arteko bide luzeari jarraipena emateko, eta bidez batez, Askapenaren 30 urteko ibilbidea  ospatzeko, urriaren 7an Berriozarren egingo dugun ekitaldi politikora gonbidatu nahi dugu Euskal Herriko internazionalista oro. Bertan, Euskal Herria internazionalista eraikitze bidean, aurrerantzean lehentasunezkotzat ditugun ildoak jarriko ditugu oholtza gainean. Aurrerago zabalduko dugu egun osoko egitarau oparoa.

Amaitzeko, Askapenatik dei egiten diegu euskal internazionalistei 30. urteurren honetan borrokak uztartzen jarraitzeko. Joan-etorriko elkartasuna eta Euskal Herria internazionalista iparrorratz, berandu baino lehen herriok burujabe izan gaitezen.

Gora Euskal Herria internazionalista!
Gora Askapena!
Hamaika herri, borroka bakarra!
Borrokak uztartzen, herriok burujabe!

Etiquetas: