Hondarribiko EH Bilduk alardearen inguruan plenora eramango duen mozioa

Hondarribiko EH Bildu.- Ostegunean Hondarribiko udalean dagoen plenora eramango dugun mozioaren berri eman nahi dizuegu. Horretarako prestatu dugun aurkezpen testua duzue jarraian eta baita mozioa bera ere.

Alardearen mozioa aurkezteko testua
Mozio honekin ez dizuegu eskatzen irailaren 7tik 8ra gure Kale Nagusia okupatuta egotearena salatzea, nahiz eta okupazio horrek bizilagunei eragozpen nabariak sortzen dizkion eta udal araudiak urratzen duen. Araudia urratze horrek Gobernu Taldearen baimena balu esan eta egingo dugu dei publiko bat etxerik gabeko jendea edota migranteak gure Herriko kaleetara etortzeko bertan lo egitera, eskertuko dute eta.

Ez dizuegu eskatzen ere Ertzaintzari galdera sorta luzatzea zergatik irailaren zortzian Barne Sailaren aginduak betearazi ez zituen, edo aginte judizialik ba ote zuen Jaizkibel konpainiako adin txikikoak bideoz grabatu ahal izateko. Nola ez dizugun eskatzen ere espediente bat irekitzea aztertzeko zergatik Udaltzaingoak tratu ezberdin ematen dion talde bati pankartak zintzilikatzen uzten dionean beste talde bati kentzen dizkion bitartean.

Ahal genizuekeen eskatu ere irainak, ttuak eta plastiko beltzak ez jartzea eta bakoitzak defendatu nahi dituenak defenda eta aldarrika ditzala modu ez erasokorrean eta eraikitzailean. Baina ez, gaurkoan irailaren zortzian jasan genuen eraso fisiko bat jasan onartzera eta salatzera gonbidatzen zaituztegu, Jaizkibel konpainiaren jarduera eragoztera zuzendua zegoena eta pertsona ez gutxirengan izua eta negarra sortu zuena. Plastiko beltzen atzean oihuka, irainka eta txistuka jardun zirenen helburua ez zen tradizio bat defendatzea, baizik eta Jaizkibel boikotatzea, konpainiako kideak umiliatzea eta kikiltzea. Zilegi al da jaia ulertzeko ustezko modu hori gorrotoaren, ukazioaren eta indarkeriaren bidez adieraztea? Uste dugu talde erasotzaileak bizikidetza marra gorri guztiak luzez gainditu zituela. Holako erasoak salatuko ez bagenitu, beste edozein talderi onartu beharko geniokeen antzerako protesta zaratatsuak Alarde Tradizionalista pasatzerakoan, Aste Santuko prozesioaren aurrean edo eta Musika
bandaren Kontzertu batean eta hori onartezina iruditzen zaigu.

Mozio honen helburua ez da Udalbatza honetan Alardeari buruzko eztabaida bat hastea, nahiz eta hori oso beharrezkoa izan gure ustetan. Gainera, lanketa hau jendartean modu ireki, lasai eta presiorik gabekoan egin beharko litzateke eta ez dugu uste, hemen eta orain, horretarako leku aproposa denik. Mozio honen helburua alderdi bakoitzaren jarrera publikoa egitea da, egun hartako erasoaren aurrean: babesten ala arbuiatzen duzue eraso hura? Bata ala bestea, argi eta garbi.

Azken finean demokrazia kontua da, oinarri oinarrizkoak diren joko arauak ez baditugu ozen eta tinko aldarrikatzen, eta egindako okerrak publikoki arbuiatzen, babesa eta laguntza ematen diegu talde hauei edo beste edonori, justifikaezinak diren jarrerak berriro errepikatzeko inpunitate osoarekin .

MOZIOA
IZENBURUA:
Pasa den irailaren zortzian talde antolatu batek egindako zarata erasoaren gaitzespena.
 
ZIOA edo/eta AURREKARIAK
Pasa berri den irailaren 8an gure Kale Nagusian, eraso bortitz bat eman zen. Jaizkibel konpainia desfilatzerakoan, lagun talde batek honen jarduera eragotzi nahi izan zuen txiflo eta sirena hotsen bitartez. Edonork uler dezake Alardeko konpainia baten ezinbesteko ezaugarria musika jotzea dela eta musika hori gabe ezin duela desfilatu .

Arestian aipatutako talde horrek, bere arbuio adieraztetik, Jaizkibel Konpainiaren desfilea eragoztera pasa da aurten, konpania honetako kide askoren negarra eta sumindura piztuz.

Edozein mediku onartuko luke zarata eraso físiko bat dela, edozein militar zarata erasoaren parte dela dakien bezala. Uste dugu oldarraldi honekin talde honek bizikidetzarako behar den gutxiengo errespetoa askogatik apurtu duela.
 
PROPOSAMENA:
Udaldalbatza honi eskatzen diogu zarata eraso hau gaitzestea eta bere eskura dagoen guztia egitea berriro errepika ez dadin.

Etiquetas: