Hazia herriarena!

zer da zuretzat HaziaSortu Irun.- HAZIAren aurkako erasoa salatzeko ekimen bat martxan jarri dugu. Parte hartu zuk ere eta lagundu zabaltzen mesedez!

ZER DA ZURETZAT HAZIA?

  • Idatzi zer den/zer izan den HAZIA zuretzat: bizipen bat, balore bat, irakaspen bat...
  • Bidali zure esaldia/hitza haziaherriarena@gmail.com helbidera maiatzak 10a baino lehen.
  • Jasotako ideia guztiekin murala osatuko dugu Hazian.

Aurrerago, egoeraren eboluzioaren arabera, batzartu eta ekimen gehiago diseinatu ahalko ditugu.

HAZIA HERRIARENA DA!
Herrikoen espoliazioa eten!
LAPURRETARIK EZ!
GORA HAZIA!

Irakurketa:

18 urte dira Herriko Tabernen auzia deitu zaion sarraski politiko-judiziala abiatu zenetik. Ziurgabetasunez beteriko 18 urte luze izan dira. Azkar esaten da. Jakin dugunagatik espainiar estatua, euskal herritar oro konfinaturik daukan bitartean, duela bost urte ebatziriko epaia exekutatzen hasi da. Momentuz 2003tik interbenituta egon diren nahiz elkarteek gerora sorturiko (eta guztiz legalak diren) kontu korronteak enbargatzeari ekin dio.

Beste behin, argi gelditu da espainiar estatuaren maila demokratiko eskasa. Muineko gatazka politikoari heldu beharrean, herri honek ongi ezagutzen dituen errezetekin dator PSOE buru duen koalizio gobernua. Bando nazionalak 1936ko altxamenduaren ondoren gauzaturiko lapurretaz geroztik emandako konfiskazio handienaren aurrean gaude. Espainiar "demokraziaren" gerra ordaina da. Badakigu hau Haziaren eta beste herrikoen itxieraren aurreko urratsa izan daitekeela, baina ez dakigu zein epetan ekarri dezakeen eszenatoki hori.

Badakigu Hazia ezker abertzalearen komunitatearentzat taberna soil bat baina gehiago dela. Bizipen eta emozioz betetako espazioa da; une politiko biziak, parrandak, kutur ekitaldiak, herri ekimenak, lagunak, militantzia... ilusioz auzolanean eraikitako etxea dugu Hazia. Eta guzti hori indarrez lapurtu nahi digute. Ez da lapurreta ekonomiko huts bat; ez da lokalen konfiskazio erraldoi bat bakarrik; emozio eta oroitzapen guzti horien lapurreta da.

Koronabirusak eragindako egoerak, baina, erantzun eta babes dinamikak abian jartzea nabarmen zaildu du. Lehentasuna, gure osasuna eta komunitatearen zaintza dira, eta bereziki egoera zaurgarrian dauden herritarren babesa. Egoeraren eboluzioaren arabera izango dugu tartea irudimenez Hazia babestu eta aurrera begirako urratsak diseinatzeko. Hau lantzeko, Herri Batzarra egingo dugu egoerak baimentzen digunean.

Bitartean, Haziak gutako bakoitzarengan, bai norbanako gisa, bai kolektibotasun baten baitan izandako eragina oroitzapenetan bildu nahi dugu. Zer da eta zer izan da zuretzat Hazia? Bidali zure ideiak haziaherriarena@gmail.com helbidera eta guztiak Hazian jarriko ditugu.

Hazia herriarena!

Jo ta ke, irabazi arte!

Etiquetas: