Irailak 27 Gudari Eguna

irailak 27 kartela

Sortu Irun.- Datorren igandean, irailak 27, Gudari Egunaren harira, 11:00tan Donibane Lohizunera eta 12:00etan Ziburura joateko deia luzatu nahi dugu.

IRAILAK 27. Bizitza duinak ahalbidetzeko aukera, biziraupenaren aldeko borrokaren uzta

Koronabirusak tragedia erraldoia ekarri du, egungo sistema sozial,ekonomiko eta politikoaren gabeziak eta injustiziak sakonduz, eta une berean, agerian utziz. Errepresioaren pandemiak ere jarraitzen du gurean, berriki Igor Gonzalez Sola preso politikoaren bizitza eraman du. Euskal Herritik at hartzen dira gure bizitza baldintzatzen dituzten erabakiak, eta nabarmena da inoiz baino beharrezkoagoa dela gure buruaren jabe bilakatzea, bestela bizitzeko. Irunen, euskal Herrian eta mundu osoan.

Geroari so egin behar diogu, nondik gatozen aintzat hartuta. Bizirauteko autua egin zutelako gaude bizirik herri gisa. Duela hainbat hamarkada Euskal Herriaren herri gisako biziraupena zegoen kolokan, batetik, diktadura frankistak erabateko asimilazioa zuelako helburu, eta, bestetik, ekonomia, jendarte eta pentsamendu mailako aldaketek berezitasunen desagerpena eragiten zutelako. Frantziar eta espainiar Estatu posinperialen eskualde bilakatzeko arriskua nabarmena zen. Areagotzen ari zen subordinazioaren kontra matxinatu ziren gazte ero batzuk, eta hamaika esparrutan hartu zuen indarra euskal matxinadaren suak. Estatuen erantzuna errepresioa eta satanizazioa izan zen: Euskal basakeria espainiar eta frantziar zibilizazioaren aurka. Alta tortura eta estatu terrorismoa izan ziren zibilizazio agortu eta dekadente horien adierazpen argigarriak.

Borrokak bideak irekitzen ditu. Munduan eman diren aurrerapen oro borroka askatzaileen ondorioak dira. Borroka askatzaileek hobetzen dute mundua, baina konkista sozial guztiek pribilegiatuen nagusitasuna urratzen dute, eta goikoak ez dira geldirik egoten. Borroka askatzaileen deslegitimazioa borroka bera bezain zaharra da. Indarkeria politiko batzuen gaitzespen moralistaren forma hartzen du, edo hausturaren narratiba, baina sakonean, protesta beste mundu baten eraikuntza da deslegitimatu nahi dutena. Mundu osoan, eta Euskal Herrian ere bai!

Beste mundu baten eraikuntza da galarazi nahi dutena. Oraingo menderakuntzen defentsari errelatoaren lehia diote, eta batzuk amua irentsi eta moralismoaren joko zurian erori dira. Beste batzuk berriz, badakigu zer den sakonean dagoena. Politika eraldatzailearen aukera da kriminalizatu nahi dutena, 78-ko errgimena eta Frantziako bosgarren errepublika gainditu eta beste instituzionalizazio prozesuak garatzeko aukera, hots, haustura demokratikoaren aukera.

Biziraupenaren lehia irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako gazte eroek, horregatik dago gure eskuetan bizitza duinaren erronka. Zor dieguna ez dugu inoiz ahaztuko. Ez ditugu inoiz ahaztuko, haien borroka askatzaileei esker sortu direlako egungo aukera berriak. Herri gisako bizitza erdigunean jarri zutelako gaude bizirik herri gisa. Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematea!

Gora atzo, gaur eta biharko euskal borrokalariak

Etiquetas: