Etorkizunari borroka feministaz gogorrago heltzeko egunak behe Bidasoan

irun feminismoa

M4, M6 eta M8 harira Irungo Sorturen irakurketa

Irungo Sortu.- Irungo Sortu-tik komentzituak gaude bizi dugun momentuari ikuspegi feminista batetik erantzuteko oinarri sendoak ditugula. Euskal herrian hasteko, aurretik egin ditugun 2 greba feministak ere hor ditugu indargune, eta baita segida emateko aukera ere. Herri honek argi du ez dagoela burujabetza aukerarik feminismorik gabe.

Potentzia, baita Behe Bidasoan ere. Mugimendu feminista aberatsa dugu gure eskualdean, emakume langileen defentsan borroka esperientzia luzea duena: Soldata arrakalaren kontra, eskubide sozio-laboralen alde, errekonozimendu politikoa lantzen, emakumeen boteretzea formakuntzatik ereiten etab. Bide luzea, esperientzi metaketa. Eta noski, ezin ahantzi Bidasoa ibaiaren ertz honetan, jai parekideen alde parekidetasuna borrokatu duen mugimendu feministaren eredua. Tamalez, hamarkadatan konta daitekeen borroka honezkero.

Ondo dakigu, etxean, lantokian, kale izkinetan, tabernetan eta plaza publikoetan patriarkatu kontserbadore erreakzionarioenari gehiegitan aurre egin behar izan dion feminismo borrokalaria. Egunero honi guztiari aurre egin behar diogun emakume borrokalariz beteriko sarea.

Honekin, eta argi izanik feminismoaren aniztasuna, gure eskualdean ekimen batasuna eraikitzeko gaitasuna izan duen mugimendua. Horren isla Matxoak 8. Bidasoako Asanblada Feminista. Hortxe mugimendu feministaren beste lorpen bat, mundua eraldatzeko bidean beste lorpen bat. Euskal Herriko Mugimendu feministarekin bat eginez ozen oihukatu nahi dugu dakarkiguten leloa: Dena Aldatu, Sistema Arrakalatu! Gora borroka feminista, antikapitalista eta antiarrazista!

Gora eta gora beti, eta biba zuek

Aipatu asanbladaren erabakiarekin bat eginez, eta Covid19-aren

testuinguru honetan, ganoraz elkar zaintzen jarraitu ahal izateko baldintzak bermatzen ez zirela iritziz, ohiko duen “mobilizazio masiboa” ez deitzea erabaki du Asanbladak. Nola ez, guk hori errespetatu eta geure egiten dugu.

Era berean, eta plataformatik zein mugimendu feministatik esaten dugun bezala: Egunero Martxoak 8!. Egunero da Euskal Herrian eta mundu osoan, sistema patriarkal, kapitalista eta arrazista honek gure gorputz eta lurraldeetan eragiten dituen ustiapen eta esplotazioei aurre aurre egiteko eguna. Eta hori, M8-a instituzionalizatu edo/eta eduki politikoz hustu eta “folklorizatzeko” arriskuen aurrean inoiz baino ozenago esan behar dugu zerbait da.

Azken ari-mutur honi tiraka, gogor salatu nahi dugu irungo udal gobernuaren jarrera. Zahar eta berriarena tamalez. Feminismoa ahoan, aldaketa gutxi praktikan: Alardearen aferan PSE-EE ren irizpideen kontra, barne gatazka sor dezakeen ezer ez dutela egingo zioen Podemos-eko ordezkariak Ser irratian. Tamalgarria baina berriz ere feminismoa azken plano batera udaletxean.

Honen isla, gobernu talde berriaren azken erabakia: Emakumeen Mundu Martxaren amaiera, Irun-Hendaian dena oztopatzeko jarrera. Benetan tamalgarria eta penagarria gobernuak euskal herriko mugimendu feministarekiko, feminismoarekiko oro har herri mugimenduekiko erakusten duen begirune falta. Darabilen autoritarismo eta errespetu falta. Hau ere, antza, gobernu kide berriarekin ez da gehiegi aldatzen ari. Ez mugimendu denontzat bederen.

Beraz, M8-an Kolon Pasealekua beteko duen mobilizaziorik ikusiko ez badugu ere, Sortutik azpimarratu nahi dugu datozen egunotan borroka feministaren klabeetan ditugun egun seinalatu eta garrantzitsuak. Izan ere, udaletxearen jarrera oztopatzailearen aurrean eta krisi sozio-sanitarioren testuingurua izanik ere, lelo feministak zioen moduan “salda badago”!

  • Martxoak 4: Martxoaren 4ean, Zaintza lanak aitortu orain! Zerbitzu sozialen sistema eta kudeaketa publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoaren alde! Lemapean greba eguna deitua dute Euskal Herriko sindikatu ezberdinek. Behe Bidasoko eskubide Sozialen Kartak mobilizazioa deitu du 19.00retan zabaltza. Berresten dugu, Sortutik guztiz bat egiten dugula eduki eta formarekin eta plaza betetzera deitzen dugula. Zaintza lanen aitortza, emakume langileen bizi baldintzen hobetzeari begirako oinarrizko egitekoa da.
  • Martxoak 6: Emakumeen mundu martxaren akabera ekimena Irun-Hendaian. Martxak “Transnazionalen eta mugen aurka” leloa zabaldu du eta honela, ekimena gure herria zatitzen duen muga inposatuan izango da. Bidasoatarrok 11.00etan Hendaiako herriko plazan dugu lehen hitzordua, 11.30etan Santiago Zubian bigarrena.
  • Martxoak 8: Aipatu bezala, M8 Asanbladatik deituriko “mobilizazio masiborik” ez da egongo. Sortutik uste dugu, Euskal Herriko mugimendu feministaren baitan kokatzen den eskualdeko plataformaren erabakia errespetatu beharra dugula. Hortaz, mobilizazio klabeetan ez dugu deialdirik egingo.

Gainean dugun sistema krisi anitz honetan jarrera autoritario asko ari dira indartzen eta horiek emakumeok gaituzten xede: Dela esplotazio maila handitzeko dela rol-patriarkal eta mirabeetara makurrarazteko. Dela biolentzia sinbolikoz edo fisikoz.

Gainean duguna eta gainera datorkiguna gogorra izan arren, probestu beharreko aukera bat ere bada, burujabetza inoiz baino beharrezkoagoa dugu, eta burujabetza feminista eta trantsizio feministan urratsak emateko izugarrizko aukera dugu. Ez bai dago burujabetza osorik feminismorik gabe eta ez bai dago politika feminista sakonetarako aukerarik herri burujabetzarik gabe. Eskualde honek eta herri honek badu potentziala.

Beraz, aurrera begira ditugun erronka eta apustuak bizi dugun momentutik irakurtzea eta momentuari erantzunez garatzea beharrezkoa dela deritzogu, parean dugun Martxoa aukera polita izan liteke norabide horretan urratsak emateko.

Gora borroka feminista, antikapitalista eta antiarrazista!

Gora euskal herri aske eta feminista!

Etiquetas: