Udalak Juan Thalamas Labandibar 30 eremu bilaka dezan eskatuko dute hamar kolektibok bat eginik

irudia

Antxeta Irratia.- Azken Portutik Behobiara, Artia auzoa egunero trebeskatzen duten 25.000 ibilgailuek eragiten duten kutsadura, harrabotsa eta arriskua kontuan hartuta, Artiako Lagunak taldeak «beste auzoetan duten eskubide berbera» aldarrikatu du azken hilabeteotan auzotarrentzat. Hori dela eta, abenduko udalbatzan beste bederatzi kolektiborekin batera, Juan Thalamas Labandibar kalea (N-1 zena) 30 eremu bilakatzeko mozioa aurkeztuko dute. Herri ekimenez egingo dute.

Irailaren 29an Red Ciudadana de Sevilla ondare berdearen defentsa eta kutsaduraren kontrako kolektiboak eman zuen lehen urratsa. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur egun bide horretan 500 bat metrotan dagoen 70/km orduko abiadura muga 50era apaltzea onartu zuen. Abenduko zubiaren ondotik indarrean sartu behar zen neurria, baina ondoren 30era apaltzeko eskaera luzatu dutenez, bere horretan jarraitzen du oraindik. Aintzane Oyarbide diputatuak jakinarazi dienez, Gipuzkoako Foru Aldundia prest dago abiadura 50etik 30era apaltzeko, baina Irungo Udalak egin beharko luke eskaera ofizialki. Eta hori da mozio honen bitartez eskatuko dutena.

Artiako Lagunak eta Red Ciudadana de Sevilla ez ezik, Eguzkik, Ekologistak Martxan, Bidasoaldeko Lagunak, Gure Esku Dago Irun, Balazta, Kalapie, Stop Accidentes eta EquoBerdeak-ek ere sinatu dute eskaera.

Abiadura mantsotzeak kutsadura eta zirkulazioaren harrabotsaz haratago, segurtasuna bermatuko luke. Izan ere, errepideari paralelo doan bidegorritik atera eta bidean bukatu duten haurren kasuak ezagutzen dituzte. Era berean, bide hau egunero zeharkatzen duten 25.000 ibilgailuetatik zama-garraio kamioi anitz ere badira, kasu askotan arriskutsuak diren osagaiekin. Eta udazken honetan bertan, Lastaola Postetxeko gasolindegi zaharraren eraikina eraitsi zuen kamioi baten istripua dute oraindik gogoan.

Alazne Izulain, Artia Lagunak elkarteko kidea

Etiquetas: