2022KO Euskararen Nazioarteko Egunerako Irungo EH Bilduren adierazpena

kartela

Irungo EH Bildu.- Irunen, Euskararen legeak jada berrogei urte bete ditu. Urtemugak ospakizun traza izan dezakeen arren, ezer gutxi dago ospatzeko. Aurrerapauso bakan batzuk egon dira; alabaina, legearen oinarri sendoa izan zitezkeen urratsak bere horretan geratu dira. Ezin da ukatu egoera duela 40, 50 edo 60 urte baino hobeto dagoela. Baina ez da nahikoa.

Euskaldunok ez ditugu hizkuntza eskubideak bermatuta eta euskararen alde egiten duen erakunde orori dagokigu hori bermatzea.

Akordioak, legeak, hizki zerrenda hutsalak dira inork ez baditu irakurtzen. Irunek irakurleak behar ditu eta horretarako, ezinbestekoa da irakurzaletasuna sustatzea; betiere, euskaraz. Hausnartzeko garaia da. Hartu diren eta hartuko diren erabakien funtsa zehazteko garaia.

Datu soziolinguistikoak hemen, grafikoak han, batez bestekoak nonahi... datuek arazoak ezkutatu eta zuritzen dituzten aro honetan, ondorengoa azpimarratu nahi dugu: gaur egun, euskal komunitateak ezin du lrunen euskaraz bizi. Hori da datu objektibo bakarra. Irundarrok ez gara estatistiketarako zenbaki soilak. Pertsonak gara eta geure bizitza nahi dugun hizkuntzan edota hizkuntzetan bizitzeko hautua errespeta diezaguten nahi dugu. Izan haur, gazte, heldu edo adineko. Eta Irungo instituzioek, beraien erabaki politikoekin, ez dute hori babesten; politikan eskua sartu dezaketenek ez dute behar adinako ahalegina egiten.

Euskararekiko zintzo jokatzeko eskatzen dugu. Esaterako, Euskaraldiaren ekimenarekin bat egiten bada, erabaki zentzuduna eta eraginkorra izan dadila. Hamabost eguneko tartea ez dadila izan txaparen aitzakian instituzioen diskurtsoa moldatu, hitz politekin apaindu eta ekimena bukatu bezain laster molde zaharretara itzultzeko.

Erakunde publikoetako langileok herritaron eredua izan behar gara. Herritarrei eskaeraren bat egin aurretik, guk geuk geure burua hornituta eta babestuta izan behar dugu. Horrenbestez, datorren urteotan, udal-taldeek euskararekiko konpromisoa bere gain hartzea espero dugu.

Argi dugu etorkizunaren giltzarria politika aktiboak baino politika aktiboekin bat egingo duten erakundeetako irundarrak izango direla. Horrela soilik lortuko baita irundarren artean adostasuna.

Etiquetas: