Irungo herri bilguneak larunbat hontan Bilbon burutuko den manifestazio nazionalara joateko deia egiten du

Xabier Lopez Peñaren heriotza eta euskal preso politikoek modu iraunkor eta bortitzean pairatzen dituzten giza eskubideen urraketak salatzeko mobilizazio nazionala antolatu du Herrirak. Protesta honen bitartez mezu argi bat helarazi nahi dugu: Inoiz gehiago ez. Berriro gerta ez dadin. Ez dugu heriotza gehiagorik nahi, ez dugu sufrimendu gehiago nahi. Bide horretan, Espainiak eta Frantziak egun mantentzen dituzten jarrera extremistak alboratu eta euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak eten behar dituzte.

Espainiar eta frantziar espetxetan, zigor amaigabeak, bizi baldintza gogorrak eta salbuespen neurriak gaixotasun iturri dira. Presoek pairatzen duten egoeren ondorioz, diagnostikoak eta patologiak okerrera egiten dute. Osasun asistentzia egokia jasotzeko zailtasunak, tratamendu egoki bat izateko ezintasuna, funtzionarioen presioa, erasoak, zigorrak eta isolamenduan emandako egunek egoera gaiztotu eta zaildu besterik ez dute egiten.

Xabier Lopez Peñak pairatutako eta bere senideak sufritzen ari direna, espainiar eta frantziar Estatuek espetxe politikaren bitartez euskal preso politikoen aurka erabiltzen duten dohaneko biolentziaren argazkia da. 2013ko martxoak, zoritxarrez, irudi lazgarri gehiago utzi dizkigu: Angel Figueroaren heriotza, Muret, Puerto III eta Sevillako espetxetan euskal presoek pairatutako jipoiak edo Jabi Martinez Izagirre presoaren senideek Jaenetik bueltan izandako istripua.

Euskal jendarteak neurri anker eta ez gizatiar hauen aurkako jarrera eta indignazioa kalean adierazi behar du. Modu kontundente bezain baketsuan, berriro gerta ez dadin aldarrikatu eta giza eskubideen errespetua, konponbidea eta bakeari baiezko borobila emateko. Larunbat hontan, hilak 6, 17:30tan Bilbon daukagu hitzordua jarrita.

Irungo herri bilguneak larunbateko manifestaziora joateko autobusak antolatu ditu. Autobusez joateko lehen bait lehen Hazian eman behar da izena (943633642). Autobusak 15:30tan Bixeratik aterako dira.

Etiquetas: