AHTren aurkako bizikleta martxa desobeditzailea

cartelMugitu!.- Mugitu! Mugimenduak, “Lurraren alde, mugitu eta eragin!” lelopean, AHTren aurkako bizikleta martxa desobeditzailea antolatu du uztailaren 25etik abuztuaren 1era. Altsasutik uztailaren 25ean goizez abiatuko da eta astebeteko itzulian hainbat herri eta eskualde zeharkatuko ditu ekintza desberdinak antolatuz: Urbina, Legutio, Aramaio, Angiozar, Urretxu, Beasain, Zerain, Legorreta, Tolosa, Andoain, Zubieta, Zarautz, Hernani, Lezo, Irun, Orereta eta beste hainbat herritatik igaroko da Donostian amaitzeko. Irun-en 30ean uztailetik arratsaldean iritsiko da eta 31 irtengo da goizean. 

Guzti honen helburua AHTa salatzea da, oraingoan bereziki lurraren alde mugituaz. Helburu hori aurrean, bidean era guztietako ekintzak egingo dira: ekintza desobeditzaileak, bizilagunekin topaketak, batzarrak eta eztabaidak, kale ikuskizunak… Pedalei eraginez, lurraren defentsan aritzen diren beste hainbat talderekin elkartuko gara halaber, AHTaz gain beste proiektu txikitzaileak salatuz: Frackinga, Autopista Elektrikoak, Erraustegiak, Gaintxurizketako plataforma logistikoa eta Jaizkibelgo Superportua... Izan ere, AHT zein beste hainbat azpiegitura-lan handiren eraginez, izugarrizko triskantzak ari gara pairatzen. Lurra babestu beharrean, deuseztatzen ari gara.

Lurraren aldeko martxa ez da ordea amalurraren defensa hutsean geratuko, beste hamaika arrazoi baititugu AHTri ezezkoa esateko. Horietako bat, denen ahotan dagoen krisi ekonomikoa dugu. Hego Euskal Herrian, AHTren obretan 10.000 milioi € xahutzea aurreikusita dago: aurten EAEn 568 milioi € bideratu dira AHTra eta Nafarroako aurrekontuetan 130 milioi gorde dira bere hastapenetan dagoen lan honetarako. Zifra hauek ulertezinak dira, jende ugari kale gorrian dagoela ikusita. AHTren gaia dela eta, azken aldian egitasmoaren zentzugabekeria ageri-agerian gelditzen ari da gainera. Hortaz, orain arte bezala AHTrekin jarraitzea aurrera ihes egiteko modu bat besterik ez da: bizi ditugun krisi sozio-ekonomikoaren eta hondamendi ekologikoaren larritasunaren aurrean norabidez aldatzen ez badugu, ihesbide kriminala erabat.

Azkenik, aipaturiko krisi ekologiko zein ekonomikoaz gain, krisi soziala ere badugu. Egunak joan egunak etorri, eskubide sozialak murriztuz doaz. Hori dela eta, AHTren aurkako borrokak egungo jendarte eredua aldatzea aldarrikatzen duten mugimenduekin bat egiten du, hain zuzen ere AHTren atzean dagoen garapen eredu jasaingaitza eta kapitalista zalantzan jarriz.

Amaitu da garraioen arloan “beti hurrunago, beti azkarrago eta beti mugikorrago” leloaren garaia. Konponbidea AHT eta azpiegitura-lan handiak gelditu eta ekonomia- zein gizarte-jardueren ardatz gisa herria eta eskualdea jarriko dituen eredu desberdin baten sorreratik helduko da, ingurumenarekin eta herrien artean harreman orekatuagoak bilatuz. Hartara, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, lurraren aldeko herri borrokari eta AHT geldiarazteko desobedientziari eusteko deia zabaltzen dugu.

Beraz, martxan ikusi nahi zaituztegu pedalei eraginez. Mugitu beharra dago! Lurraren alde, mugitu eta eragin!

Informazio gehiago: mugitu.blogspot.com

Etiquetas: