Hondarribiko EH Bilduk hauteskundeen emaitza baloratzeko eta aurrera begirako urratsen inguruko hausnarketarako herri batzarra antolatu du

Hondarribiko EH Bildutik zuen bozka eman diguzuen herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu. Eskerrik asko, bihotzez, gure proiektuan sinistu eta Hondarribia herri parekideagoa, euskaldunagoa, justuagoa eta gardenagoa izateko babesa eman diguzuen herritar guztiei.

Badakigu emaitzak ez direla izan espero bezain onak, ez bozka kopuruan, ez eta Hondarribian daukagun egoera eta giro politikoan ere ez. Badakigu ere, lan handia dugula aurretik udaletxeko ateak guztiontzako zabaldu artean, lan handia Hondarribitar guztien eskubideak errespeta daitezen, eta lan handia herriko bizikidetza sustatzen.

Hala ere, guk zintzotasun osoz aurrera tinko jarraituko dugu, abertzale eta ezkertiarren arteko jarduerari ateak zabalduz, ilusio eta konpromezuarekin, danontzako aberatsagoa izango den Hondarribia biziaren alde Euskal Herri askean!!

Horretarako baina, beharrezkoa ikusten dugu egindako lanaren eta hauteskundeen emaitzen balorazioa egin eta aurrera begira eman beharreko urratsen inguruko hausnarketa ahalik eta kide gehienon parte-hartzearekin egitea, datozen urtetarako ildo nagusiak denon artean finkatu ditzagun.

Hasiera batean horretarako Herri Batzarra datorren aste honetan egitea erabaki bagenuen ere, hurrengo larunbatean hauteskundeen emaitzak baloratzeko EH Bilduren Gipuzkoa mailako asanblada dagoenez, gure Herri Batzarra hurrengo astera atzeratzea erabaki dugu, honela emaitzen balorazioa egiteko eta aurrera begira eman beharreko urratsen inguruko hausnarketa egiteko informazio gehiago izango dugulakoan.

Honenbestez, ekainak 11, ostegunean, arratsaldeko 19:00etan Muara elkartean egingo dugun Herri Batzar irekian parte-hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, jaso ezazue gure agurrik beroena.

Irribarre egin, irabaztera goaz eta!

Etiquetas: