Donostiako merkataritza-arlo epaitegiak maileguaren hasieraraino luzatu du zoru klausulen baliogabetzearen atzeraeragina

Kaleratzeak Stop.- Donostiako Merkataritza-Arloko Epaitegiak Donostialdeako Kaleratzeak Stop elkarteko kide batek BBVArekin duen maileguko hainbat klausula baliogabetu berri ditu: epemugaren aurreratzea, posizio zordunengatiko erreklamazio komisioa, bezeroak ordaindu beharreko gastuak, berandutze interesak eta, batez ere, zoru klausula, klausula hauen arabera ordainduriko guztiak itzultzeko aginduarekin, mailegua sinatu zuten egunetik hona.

Azken datu hau bereziki garrantzitsua da zoru klausulek kalteturiko milaka familientzat. Izan ere, epaileak Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrinari muzin egin dio eta zoru klausularen arabera itzuli beharreko dirua ez du mugatu 2013ko maiatzaren 9tik hona: klausula honen arabera ordainduriko GUZTI-GUZTIA itzultzeko agindua eman du, dagozkien interesekin.

Epaileak ebatzi du bezeroak ordaindu duen guztia itzultzeko aginduko ez balu ez litzatekeela banketxeek zoru klausula erabiltzeari uzteko disuasio-eraginik lortuko, eta hau Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren helburuen aurkako litzateke.

Epai hau bereziki garrantzitsua da momentu hauetan. Izan ere, CAJA RURAL DE NAVARRA buru dela, zenbait banketxe iruzurrezko eskaintzak egiten ari dira zoru klausula duten bezeroei. Klausula hau kentzea eskaintzen die, baina zuten diferentziala igo, ordainduriko diru kopuruak berreskuratzeari uko egin eta zoru klausula kentzearen inguruko gastu guztiak ordaintzearen truke.

Epaitegietan aldiz, zoru klausula ezabatzeaz gain interes tipoa eta diferentziala errespetatzen dira eta mailegua sinatu zenetik hona ordainduriko diruaren itzultzea agintzen da.

Horregatik Kaleratzeak Stop elkarteak biltzar irekia antolatu du larunbaterako, irailak 12, goizeko 10:30tan Donostiako CRAJ gunean. Gipuzkoan zoru klausulak kaltetuta dauden herritarrak gonbidatuta daude bertaratu eta talde mailako ekintzak antolatzera, adibidez zoru klausula baliogabetzeko auzibide masiboak aurkeztea.

Etiquetas: