Ficobako Oztoporik Gabe erakusketan parte hartuko du BidaOsoak

Minusbaliotasuna, irisgarritasuna eta dependentzia jorratuko dituzte urriaren 16an, 17an eta 18an Ficoba erakustazokan. 40 erakusketari egongo dira guztira Salón Sin Barreras-Oztoporik Gabe erakusketan. Minusbaliotasunak dituzten pertsonak, senideak eta federazioak bilduko ditu.

BidaOsoak erakustokia izango du Ficoban. Gainera, proiektuaren aurkezpena egingo du larunbatean, 17:00etatik aurrera.

Pertsonei zuzendutako zerbitzuak eskaintzen dituzten eskualdeko enpresak biltzen ditu BidaOsoa elkarteak. 2014an sortu zuten, “Hurbileko zerbitzuen sektorea indartzea” proiektuaren baitan. Bidasoa Bizirik izan zuen gidari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoarekin. Estrategia enpresarial berritzaileak diseinatzea zuen helburu, tokiko kolaborazio publiko-pribatua sortzeko, etxean laguntza behar duten pertsonei hurbileko zerbitzuak eskaintzeko asmoz.

BidaOsoa plataformak hamabi partaide ditu, eskualdeko enpresak, profesionalak edo komertzioak. Adinagatik, minusbaliotasunagatik edo dependentziagatik giza babesak eta teknikoak behar dituztenei zerbitzuak eskaintzen dizkie, autonomia eta bizi kalitatea hobetzeko.

Eskaintza anitza eta koordinatua egiten dute BidasOsoa osatzen duten enpresek, ondorengo arloetan:
  • Etxebizitzak egokitzea eta hesi arkitektonikoak ezabatzea
  • Etxez etxeko laguntza
  • Estimulazio fisikoa eta mentala
  • Ortopediak eta laguntza teknikoak
  • Egoitza zentroak
  • Eguneko zentroak
  • Etxez etxeko arreta psikologikoa
  • Zahartze aktiboa
  • Laguntzen kudeaketa

BidaOsoaren parte diren enpresei eta eskaintzen duten informazioari buruzko informazioa zabaldu daiteke www.bida-osoa.com web gunean. Ondorengoak dira partaideak: Apain, Etxekoi, Zenturia, Gizagune, Caser Residencial Anaka y Betharram, Hobeto bizi!, Hortoleku, Ortopedia Jaizkibel, Bainu, Bidea, Susana González, Unai Arrieta eta In Solutions.

Etiquetas: