Alokairu sozialerako politika eraginkorren alde

Hondarribiko EH Bildu.- Hondarribiko Udalak bigarren eskualdaketako sei etxebizitzen zozketa egin zuen aurreko asteko asteazken.

Hondarribiko EH Bildu osatzen dugunok kezka handiz ikusten dugu nola egungo udal gobernuak ez dituen betetzen gaur egun gai honi buruz dauden irizpide arrazional eta sozialak. Nahiz eta prentsaren aurrean, bai Jaurlaritzatik, bai Udal Gobernutik, esaten duten etorkizuna alokairu soziala dela, eta hori bultzatzeko politikak aurrera eramango direla (hauteskundeen gertutasunak zerikusia izango ote…), hau egiteko unea iristen denean guztiz kontrako bidea hartzen dute.

Babes ofizialeko etxebizitzen sistema, orain gutxi arte Talde Politiko guztiek defenditzen genuena, erabat injustua bihurtu zaigu. Gure ustez, bidegabekeria da norbaitek bizitza osorako laguntza publikoarekin etxebizitza eskuratzea, eta ez egotea inongo sistema konpentsatoriorik laguntza hori administrazioari (herritarrei, azken finean) itzultzeko, bere egoera ekonomikoa hobetzen denean.

Babes ofizialeko etxeak ez dira Europako beste herrialdeetan existitzen. Sistema ez eraginkorra delako, baita bidegabea ere. Gutxi batzuei gehiegizko era batean mesede egiten dien bitartean, kanpoan uzten ditu errekurtsorik gabeko populazio talde handiak.

Gure iritziz, alokairu sozialerako etxebizitzen patrimonio publikoa sortzeko, udalak apustu ausarta eta eraginkorra egitea erabat beharrezko eta premiazkoa da. Orain arte, norberak bere etxearen jabe izan behar zuenaren ideia oso zabaldua izan da, eta honek jendartea pobretzeko eta zorpetzeko besterik ez du balio izan. Hau Estatu espainiarrean izan ezik, beste inon ez da ematen.

Honexegatik guztiagatik, proposamen zehatz eta argi batekin gatoz; hau da, udalak etxe hauek (eta etorkizun hurbilenean zozketatuko direnak ere) erosi eta alokairu sozialean jartzea ―horretarako dirua badu eta―, udaletik bertatik kudeatuta, horretarako propio bulego bat irekiz.

Proposamen hau guztiz egingarria eta errealista dela deritzogu, udalak behar diren baliabideak badituelako, bakarrik, ausardia eta borondate politikoa falta zaio.

Etiquetas: