Irungo ikastetxe publiko guztietako GURASO ELKARTEen adierazpena 3. eta 6. mailetako probak direla eta

Irungo ikastetxe publiko guztietako GURASO ELKARTEEK Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailetako probak direla eta, gure iritzia zabaldu nahi dugu Irungo gurasoek informazio ahalik eta zuzenen izan dezaten azterketa hauen inguruan:

1. Bi azterketa horiek LOMCEren aplikazio zuzenetik eratorriak izanda, HEZIBERRI dekretuaren bidez hemen ere ezartzen dira. Guk arrazoi asko ditugu proba horien kontra egoteko:
   a) Proba hauek ez dira diagnostikorako edo hezkuntza kalitatea hobetzeko probak; ikasleei, haien eskola-ibilbidean“marka” bat jartzeko balio dute. Kalitatea hobetzeko badira aukerak askoz demokratikoagoak, tartean bertan behera uztea azkeneko urteotan izandako murrizketak. Horiek bai jaitsi dutela hezkuntzaren kalitatea.
   b) Lehen hezkuntzako ikasleek 3. eta 6. mailako proba hauek izateaz gain, 4. mailan (zikloaren bukaeran) badute ebaluazio diagnostikoa. Beraz, 8 eta 12 urteren tartean, ikasturtearen bukaerako hiru proba desberdin 4 urtetan. Zertarako?
   c) Azterketa hauen eraginez, ikasgelak proba horiek gainditzeko akademia bihurtzen dira. Irakasleek ikasleak entrenatu behar dituzte, eta garrantzitsuena izan beharko zen ikastetxeko proiektu pedagogikoa alboratua geratzen da.
   d) Oztopo lasterketa honen aurrean, HEZIBERRI-k teorian aldarrikatzen duen ebaluazio jarraiaren sena galdu egiten da guztiz. Emaitzak balioesten dira bakarrik, aniztasuna ez da kontuan hartzen eta ikasketa prozesuari garrantzia osoa kentzen zaio.

2. Irungo ikastetxe publikoetako GURASO ELKARTEAK beste era baterako ebaluazioa nahi dugu gure seme-alabentzako:
   a) BARNE EBALUAZIOA non hezkuntza komunitatea izango den ebaluazio agentea, eta kanpoko eragileek (ikuskaritzak, berritzeguneek,…) aholkularitza lana egingo baitute.
   b) Hobekuntzarako zutabe gisa hartuko den BARNE EBALUAZIOA, hau da, bere emaitzek irakasleen formakuntza, ratioak, lan baldintzak, familien parte hartzea ebaluazioan, curriculuma, ikasgeletako metodologian, espazioen antolaketa,… baldintzatuko dituztela.

3. Jakin badakigu 6. mailako proba ez dela egingo aurten, horrela erabaki duelako Eusko Jaurlaritzak. Baina ez dago bermaturik hurrengo urteetan egongo ez denik.

4. Jakin ere badakigu informazio eza handia dagoela aurtengo 3. mailako probaren inguruan. Izan ere, funtsean, Hezkuntza sailak proba egitea ala ez egitea ikastetxeen eskuetan utzi du erabakia. Badakigu Irungo ikastetxeetan erabaki desberdinak ari direla hartzen, eta horregatik, gu proba hori egitearen contra egonda:
  a) Ez egitea erabaki duten ikastetxeei zoriondu nahi diegu.
  b) Egitea erabaki duten ikastetxeekiko errespetu handiena, baina bai eskatu nahi diegula ikastetxe hauei haien gurasoei askatasuna ematea. Hau da, gurasoek erabakitzen badute seme-alabak azterketa ez egitea, lasai asko har dezaketela erabakia umeentzako inongo ondorio akademikorik egongo ez delako. Izan ere, behartze hori ikastetxeen borondatean gelditzen baita.

Etiquetas: