Joxe Mari Lopetegi errepublikanoen bertsolaria

argazkiaTxingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrak zuen aurrean aurkeztu nahi du bere burua eta, bide batez, esku artean darabilen ekimen multzoa. Bertsolari asko eman du Euskal Herriak, eta Irunek ere eman ditu bereak; tamalez, ahanzturaren itzalean gordeta geratu dira asko, eta itzalpe horretatik bat behintzat argitara ekartzeko asmoz, Joxe Mari Lopetegiren izana aztertzen hasi ginen, pertsona eta bertsolari honi merezi duen lekua esleitzeko bidean.

Ikasturte honetan bere lana, bere obra, bere bizitza aztertzen jardun gara, eta horretarako liburuak, lagunak, adituak eta, ahal neurrian, familiako kideak eduki ditugu bidelagun. Ikasturtean zehar landutakoak plazaratzea dagokigu orain, eta arduraz egiten dugu, beharrezkoa ikusten dugulako lan hori.

Joxe Mari Irunen jaio zen, Santiago kaleko lehendabizikoan, bere bizitza osoa Irunen egin zuen kontratista, udaletxeko zinegotzi eta baita bertsolari moduan ere, harik eta gerra piztu ostean alde egin behar izan zuen arte.

Lopetegi Errepublika zalea zen. Horregatik, gizon konprometitu honek bere herri kuttunetik ihes egin behar izan zuen. Ez zen sekula bueltatuko. Baina itzuli ezina ez zen izan errepresioak eragingo zion atsekabe bakarra, Irungo defentsan seme bat galdu baitzuen; hortik bere bertso-sorta sentituenetako bat, "Ekaitza", gerora Joseba Tapiak musikatuko zuena, besteak beste. Hala ere, ez zen hura izan diktadura garaiko faxismoak Lopetegiri emango zion azken astindua, eta bere askatasun grina barkatu ezinik, haren familiak itzelezko isuna ordaindu behar izan zuen Irunen bizitzen jarraitu ahal izateko, tartean ondasun asko ebatsi zizkietela.

Justizia egiten hasteko, Wikipediako Joxe Mari Lopetegi (https://eu.wikipedia.org/wiki/Joxe_Mari_Lopetegi) sarrera osatzeko testu proposamena egin dugu, Joxan Elosegiren laguntzaz.

1875eko apirilaren 13an jaio zen Joxe Mari, eta bere jaiotegunarekin hasiko dugu bertsolari irundar honen dibulgaziorako antolatu dugun ekimen sorta. Ekimen-ibilbidean bidaide izan dugun eta bertsolariaren inguruan liburua argitaratu zuen Joxan Elosegirekin egingo dugu lehenengo zita. Honek Lopetegiren nondik norakoen berri emango digu Irungo Oiasso Erromatar Museoan eskainiko duen hitzaldian, Lopetegiren jaiotetxetik metro gutxira.

Beraz, eta esan bezala, agendan apuntatu beharreko lehenengo sarrera apirilaren 13koa izango da, arratsaldeko 19.00etan, Oiasso Irungo Erromatar Museoan. Hainbat ekimen antolatuko ditugu ekaina bitarte, eta hauen berri ematen joango gara Irunabarren blogean

(http://irunabar.wordpress.com), eta baita komunikabideen bidez ere.

Amaitzeko, ekimen sorta burututzat emateko antolatu asmoz gabiltzana ez dugu aipatu gabe utzi nahi; izan ere, herriko beste hainbat eragilerekin batera, herrikoia eta parte hartzailea izan nahi duen jaialdi batekin eman nahi baitiogu errematea ikasturte honetako lanari.

Elkarren berri izango dugu, eskerrik asko eta ondo bizi,
Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerreko kideak.

Etiquetas: