Gogoratzen nauzuenetan, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak imajinatzeko liburu bat

IMG_5841Indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudikatzeko ahalegin kolektibo batek erditu du gaur aurkeztuko dugun Gogoratzen nauzuenetan liburua. Auzolana eta herritar izaera ditu zutabe. Eta nola ez, liburu honek Asun Casasolari egin nahi dio omenaldia. Noski,  Nagore Laffage eta patriarkatuaren biktima izan diren emakume guztiak gogoan izanda.

Txingudi Anti Sexista osatzen dugun elkarteak dira liburu honen hazia. Indarkeria patriarkalari aurre egiteko ilusioz batu genituen eskuak eskualdeko emakume eragile, sindikatu, auzo elkarte eta irakasle talde eta bestelako eragileak. Salaketen ostean pankartaren atzean igarotako orduak, baina, irudimena elikatu eta hurrengo sexu erasoaren zain egon gabe martxan jartzera eraman gintuen.

Erasoen arteko barealdi estuaz ihesi egin eta mugimendua hautatu genuen. Ametsak betetzera eramango gintuen mugimendua, Eta zer ederrago amets horiek hitzez bete eta mundura plazaratzea baino?

Literatura aliatu hartu eta Ipuin Lehiaketa egitea otu zitzaigun. Indarkeria matxistarik gabeko jendartea hitzez margotuko zuen Ipuin Lehiaketa. Eta noski, Asun Casasola izena ipini genion. 2008ko uztailaren 7an hil zuten Nagore Laffage. Ordutik, baina, izugarria izan da haren amak, Asun Casasolak, erakutsitako indarra eta kemena. Asun omendu nahi izan dugu beraz, bere izena duen Ipuin Lehiaketarekin.

2014aren azaroaren 25ean aurkeztu genuen lehen edizioa. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean hasi ,eta emakume langileen eguna den martxoaren 8a, bildutako ehunka ipuinekin ospatu genuen. Iaz, berriz, egin genuen bide berdina.

Bi urteren buruan 500 altxor baino gehiago genituen esku artean. 500 idazlan indarkeri matxistarik gabeko jendartea irudikatuz. Eta horiei bizitza emateko asmoarekin jaio da liburu hau. Ipuin horietako batzuk eskuartean izateko aukera dugu orain, hainbat emakume ilustratzailek mimoz egindako marrazkiekin lagunduta gainera. Hitzei kolorea ipini eta paperean betikotu nahi izan ditugu.

Liburua gauzatzeko bidean, Irungo bilgune feminista zein TAS-eko kide eta aldi berean lagun izan garen Ainara, Oihana eta Mirenek iniziatiba propioa hartu eta feminismoaren borrokan jarraitzeko asmoz, Parean elkartea sortu dugu. Liburu honen edizioa gure ibilbide berriaren lehenengo abiapuntua izan da.

Indarkeri matxistaren aurkako garrasi bat da liburua, baina, tragediatik urrun, maskulinitate eredu desberdinak, rol eta estereotipoen erreprodukzioan hezkuntzak duen garrantzia edo erlijio katolikoaren indarraz mintzo da liburua. Hausnarketarako eta eztabaidarako tartea eskainiz.

IMG_5795Gipuzkoako Aldundiaren diru-laguntzari eta herritar askoren auzolanari esker izan da posible liburu hau. Mila esker esateko tartea ere bada gaur. Hasteko mila esker lehiaketako bi edizioetan parte hartu duzuenei. Gure txikitasunean, zuen 500 idazkiekin, handi egin duzue indarkeria patriarkalaren aurkako egitasmo hau.

Bidean, epaile lanetan aritu diren Rosa Arburua, Itziar Gomez, Eneritz Dueso, Mertxe Tranche, Javier Gil, Ainara Maya eta Alfontso Sastreri, eskerrik asko! Musu-truk eta ordu luzeak eskainita, kalitatezko lehiaketa bat eraiki ahal izan dugulako.

Mila esker, idazlanak koloreztatu dituzuen ilustratzaileak, maketazioan aritutako Patri eta Anna, zuzenketa lanetan lagundu diguzunei. Eskatu ahala prest zaudeten eskualdeko kazetariei gaur hemen egoteagatik eta zuen lanean gure proiektuaren bozgorailu izateagatik. Oskarbi liburu-dendari ale hauek saltzen laguntzeagatik. Eskerrik asko denei, laguntza eskatu orduko dena ematen duzuenei.

Gogoratzen nauzuenetan liburua aurkeztera gatoz hona. Hemen, baina, ez da deus bukatzen. Aurten ez dugu lehiaketarik egingo, baina, indarkeria matxistaren aurkako borroka honetan mugarri izan nahi du liburuak.

Gaur hemen aurkezten dugun bezala, hurrengo ostiralean, azaroaren 25ean, Zabaltza Plazan izango gara. Ekimen artistiko bat egingo dugu bertan, emakumeen aurkako indarkeriari artez erantzungo diogu. Durangoko azokan ere izango gara. Eta abenduaren 17an, Irungo Liburutegian beste errezitaldi bat eskainiko dugu. Hauek ondorengo hitzorduak, esan bezala, baina, nahi gaituzten leku guztietara eramango dugu egitasmoa.

Ilusioz eta elkarlanean erditutako lana da hau, orain zure proiektua ere badena.

Gozatu, hausnartu eta elkarbanatu.

Guztiok garelako Nagore.

Argazkiak: https://flic.kr/s/aHskLVhjjD y https://flic.kr/s/aHskP37t6d

Etiquetas: