Metroaren proiektua gelditzeko protesta egin dute bizilagunek Donostiako udal-plenoan

MetroDonostiUdalaProtesta01.jpgHamarnaka  bizilagun bildu dira gaur goizean Donostiako Udal-Plenoan hirian Metroaren proiektua gelditzeko aldarrikatzeko. Bizilagunek “METROA GELDITU, HERRIARI GALDETU!  PARALIZACIÓN – Consulta Popular” zioten kartelak “STOP METROARI” leloa daramaten banderolak zabaldu dituzte Plenoko aretoan (ARGAZKIAK BIDALTZEN DIZKIZUEGU).
Protesta isil hori bi aldiz errepikatu dute bizilagunek, goizeko 10’20etan eta 12’15etan, Donostiako Metroaren igarobidea edo pasantea gelditzeko eta herri galdeketa bat egiteko aldarrikapenak Udal-Plenora eramateko, hain zuzen ere  Udalbatzaren Osoko Bilkuran metroaren gaiari buruz bi mozio eztabaidatu direnean.

Metroaren proiektuak donostiarren artean pizten duen desadostasuna adierazteko eta egitasmoa geldiaraz dezaten aldarrikatzeko ekintza gehiago egiten ari dira egunotan. Hala, Donostian Metroaren proiektua geldiaraztea eskatzeko sinadura bilketa bat egiten ari gara eta etxeetako balkoietan “METROARI STOP” leloa daramaten banderolak jartzeko gonbitea egiten diegu herritarrei. Gaurko Plenoan erakutsi ditugun banderolak bezalakoak eskuratzeko gurekin harremanetan jarri (satorralaia@gmail.com) edota Prim Kaleko “Hodeiertz” belardendara jo daiteke. Ekintza hauen buruan manifestazioa egingo da ekainaren 18an, Donostian Metroaren egitasmoa gelditzea eta gure hiriak behar duen garraio-ereduaren inguruan eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dadin eskatzeko.

MetroDonostiUdalaProtesta02.jpgLarunbatean salaketa ekintza informatiboa Kontxako hondartzan:
Bestalde, datorren larunbatean, maiatzak 28,  Kontxako hondartzan Metroaren salaketa ekintza informatibo ikusgarria egingo dugu, arratsalde osoan: Metroaren proiektuak Kontxako hondartzaren azpian egiten duen 300  metroko ibilbidea irudikatu edo bistaratuko dugu hondartzan bertan, azpiegitura honen aberrazioaz ohartarazteko. Hori dela eta, larunbateankomunikabideei ekintza informatibo horren berri jasotzeko dei egiten dizuegu, arratsaldeko 17’30etan Kontxako Erlojuetan egingo den zita informatibora etorriaz.
Ekintza ikusgarri honen bidez, Metroa bezalako garraio-azpiegitura handi bat Kontxako hondartzaren azpian eraikitzea itxuragabekeria latza dela salatu nahi dugu: zehazki, Perla-tik Hotel Londres-eraino doan tartean Kontxako hondartzaren azpian eraiki nahi dute Metroa, Kontxako pasealekuko Erlojuen aurrekaldean hedatzen den hondartza alderik alde zeharkatuz, itsasgorak estaltzen duen eremuan 34 metroko sakoneran. Zentzugabekeria hori, gainera, Kosta Legeak itsasertzeko eremua babesteko ezartzen dituen xedapenen aurkakoa da gure ustez. Hori eta, Metroaren egitasmoa Kontxako eremu kaltetuan salatuko dugu datorren larunbatean.
 
Metroa gelditzeko Donostiako “Satorralaia” bizilagunen mugimendua
Emaila: satorralaia@gmail.com
Informazio gehiago: satorralaia.wordpress.com

Etiquetas: