Irungo Kontenporanea Arte Garaikide topaketa azaroaren 25 eta 26ean CBA zentroan izango da

Irungo Udaleko Kultura arloak ezagutzera eman du "Kontenporanea" topaketaren edizio berrian parte hartzeko aukeratuak izan diren artisten zerrenda. Azaroaren 25 eta 26an CBA zentroa izango da hitzordu horren topagunea 2015 urtean egin zen bezala, eta egun hauetan ekintzen programa amaitzen ari dira.
 
Bitamine Faktoriak dinamizatzen du eta aurtengo kartelari forma ematen ari diren mugaz gaindiko artista gazteen taldeak zazpi proposamen aukeratu ditu, joan den urrian irekitako deialdian jaso ziren hamabost proposamenetatik. Beraz, 2017ko Kontenporanean bere obra erakutsiko duten artistak ondorengoak izango dira:
  Juncal Alfonso Aguilar (Irun) - Pintura
  Iraitz Arabolaza, (Irun) - Eskultura
  Onintza Etxebeste, (Oiartzun) - Argazkigintza eta ikus-entzunezkoak
  Pau Figueres, (Donostia-San Sebastián) - Esku-hartze urbanoa
  Miriam Loidi Zulet, (Irun) - Eskultura
  Jara Navarras Napal, (Iruñea) - Argazkigintza
  Andoni Robles, (Gasteiz-Vitoria) - Serigrafia
 
Kontenporanea proiektu artistikoa espezifikoki pentsatuta dago arte, sorkuntza kolektibo, partaidetza, arte urbano eta abarren alorrean  gazteen arteko topagune bat izateko. Ekimena era guztietako proposamenei zabalik dago eta protagonismo berezia ematen zaie elkarrekiko sorkuntza, hibridazio, berrikuntza eta teknika berrien erabilerari.
 
Hori dela eta, aukeratutako artisten erakusketez gain, 2017ko Kontenporaneak topaketa batzuk, "kultura mahaiak" deituak, egingo ditu erakunde publiko eta pribatuetako arduradunen artean. Horien helburua izango da gure lurraldean arte garaikidearen sorkuntza eta promoziorako dauden baliabideez aholkuak eman eta informatzea. Serigrafia, diseinu grafiko, ilustrazio eta horma-irudiekin lotutako jarduerak ere izango dira eta esku-hartze artistikoak ere bai, esaterako, performanceak, musika, dantza eta antzerki emanaldiak.
 
Artisten egonaldien programa
Mugaz gaindiko arte garaikidea sustatzeko lanaren barnean, Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazten du era berean, hil honetan abian jarriko duela artisten egonaldiak izeneko bere programa berria. Kontenporanea programarekin gertatzen den bezala, "Ibilbide Paregabeak" kooperazio programa europarrean kokatzen den ekimen bat da.
 
Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak adierazi duen bezala, "Kontenporanea eta Ribera dira urtean zehar hirian dauzkagun arte alorreko bi hitzordu handi baina badira proiektu horiei lotutako beste ekimen batzuk artista gazteen lanak erakustea helburu dutenak. Egonaldien programa hau horietako bat da, eta gure inguruko artisten sare hori ehuntzen jarraitzeko, beraien arteko kontaktua errazteko eta, aldi berean, gure kultur agenda arte garaikidearekin dinamizatzeko atea zabaltzen digu.
 
Programa honetako lehenengo proposamena azaroaren 30ean hasiko da Miriam Isasi artistaren lanarekin. Oiasso museoan ikusi ahal izango da abenduaren 22ra arte "Monumento (in)material" izenburupean. Erakusketa, Gerra Zibileko erresistentziako bandoen memoriara hurbiltzen da Irundik gertu izandako gatazka tokietan metraila-hondakinak bilatuz.
 
Horrekin batera, tailer bat antolatu da jarraitutako sormen prozesua erakusteko helburuarekin, alor geologiko eta antropologikoaren artean zubi bat sortzea baita asmoa.  Tailerra bi saiotan egitea planteatzen da. Lehenengoan testuingurua eta lekuan bertan eginiko lana aztergai izango da. Ibilbide bat egingo da mendiko gidari espezializatu batek eta historiagile batek lagunduta. Saio honetan artistak bere laneko metodologia azalduko du eta metraila-hondakinak bilatuko dira metal-detektagailu baten laguntzarekin. Aurkitutako materiala Oiasso museora eramango da. Behin hara eramanda, bigarren saiora pasako gara, non aurkitutako materiala garbitu eta argazkiak aterako zaizkion, pieza bakoitza aurkitu deneko koordenatuak markatuz, eta gero abenduan zehar bisitatu ahal izango den erakusketan jarriko dira.
 
Parte hartu nahi dutenek Oiasso museoan bertan izena eman ahal izango dute zuzenean. Saioen egutegia ondorengoa izango da:
 
 - 1. saioa. Larunbata. Abenduak 2
    . Elkartzeko lekua eta itzulera: Oiasso museoa.
    . Tailerraren ordutegia: 11:00h - 16:00h
    . Gomendioak: Oinetako erosoak, ura, mugikorrak edo argazki kamara eraman.
      (Saio honetan mendi irteera bat egingo da)
     *Bazkaltzeko ogitartekoa emango da.
 
 - 2. saioa. Igandea. Abenduak 3
    . Tailerraren ordutegia: 11:00h - 14:00h
    . Elkartzeko lekua:  Oiasso museoa
 
Parte hartzea inskripzioaren hurrenkeraren arabera izango da. Gehienez, 10 plaza

Etiquetas: