Hondarribiko musika eskola kolokan!

Hondarribiko EH Bildu.- Hondarribiko musika eskolaren jarraipena kolokan egon daiteke. Irakasleak azkeneko bi hilabeteetan ez dute lansaririk jaso, eta aurrera begira ere ez dago finantza baliabiderik. Zuzendaritzan gauza zikinak zeudela-eta, irakasleak esku-hartu eta zuzendaritza berria osatu dute, lehengoak kalera botaz. Zuzendaritza berriak udalera jo, eta honek auditoria bat agindu du, baina dokumentazioa falta dela-eta ez omen da auditoria hori egiterik. Orain dela bizpahiru hilabetetik, udaleko ogasun-zerbitzuak ikuskapen-txostena egitekotan daude. Bitartean, udalak ez du emango erabakitako diru-laguntzarik, azkeneko urteetan –kontuak azaltzen ez zirela eta– eman ez dituen bezala. Ez dugu ukatuko ardura lehengo zuzendaritzarena dela, baina udalak ez al du ardurarik honetan guztian? Udalak baldin bazekien kontuak ez zirela aurkezten zergatik ez du esku-hartu lehenago?

Orain kolokan dagoena, musika eskolaren jarraipena da. Irakasleak kobratzen ez badute garbi dago ez dutela jarraituko datorren kurtsoan, eta orduan zer gertatuko da? Hondarribia musika eskolarik gabe geldituko da? 500 ikasle duen zerbitzua, udalak eskaini behar duen zerbitzua –legeak hala dio– bertan behera utziko al du?

Arazo honi irtenbidea eman behar zaiola uste du EH Bilduk, berandu baino lehen. Udaleko talde guztiak eta Musika Eskolako zuzendaritza berria mahaiaren inguruan eseri eta irtenbidea bilatu behar zaio. Ezin dugu utzi Hondarribia musika ikasketarik gabe. Irtenbidea musika eskola publikoa egitea litzatekeela uste dugu.

Etiquetas: