Izaera ekintzailea sustatzea Lanbide Heziketa zentroetan

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik garapen agentziaren bidez, eskualdeko Lanbide Heziketako ikasleen artean izaera ekintzailea sustatzeko eta babesteko lanean jarraitzen dute. Azken ekintzetako bat izan da IKAS-STARTUP gida osatzea. Metodologia arinak ditu, eta eginez ikastea oinarri duen esperientzia ikuspuntua garatzen du. Arintasunean oinarritutako jarduera multzoa eskaintzen du, ekintzaileen arriskuak murrizteko eta arrakasta ahalbidetzeko.

Zehatzago, ekintzailetza metodologia arinak praktikan jartzeko prozesua jarraitzeko aukera emango duen dokumentua da. Learn startup gisa ezagunak dira metodologia horiek, ikasleengan gaitasun eta konpetentzia ekintzaileak garatzea ahalbidetzen dutenak, enpresa proiektuak hasterakoan baliabideak eta emaitzak optimizatuz. Modu horretan, bezeroaren lehentasunetan arreta jartzen da, arazoak egiaztatu eta irtenbideak egokitzen dira, “enpresa plan” osoa garatu baino lehen.

Prozesuan negozio ideia garatzen da, non erreminta intuitiboak eta azkarrak erabiltzen diren, bezero profila eta negozio modelatua garatuz. Aldagaiak eta merkatu arriskuak aztertzen dira, aldagai horiek alderatzeko elkarrizketak burutzen dira, eta produktuaren edo zerbitzuaren lehen prototipoa burutzen da, balizko bezeroekin probatzeko.

Guzti horren helburua da izaera ekintzailea piztea, eta talde ekintzailetza sustatzea, Bidasoko Lanbide Heziketako ikasleari enpresa bat sortzeko eta kudeatzeko gutxieneko jakintzak eskaintzearekin batera.

Bertsio digitalean egongo da gida. Babeserako ikas materiala da, ikasleei eta irakasleei zuzendua, eta hari esker, ikasle aurreratuenek laguntza osagarria izango dute, Tknika (Ikasenpresa eta Urratsbat) programen baitan garatutakoez gainera.

Ondorengoa azaldu du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak: “15 urte baino gehiago daramatzagu Lanbide Heziketa zentroekin lankidetzan, ekintzailetza sustatzeko, laguntza teknikoa eskainiz, eta materialak eta metodologiak ekarriz. Gida hau baliabide bat gehiago da, zentroen esku jartzen dena, ikuspuntu berritzaile eta aurreratu batekin. Konpromisoak bizirik dirau, eta datozen urteetan, lan ildo horretan aurrera egingo dugu”.

“Arrakasta handia eduki duen lan metodoa da. Hari esker, ikuspegi enpresariala frogatzen da, modu jarraituan, bezeroari eskainitako produktuetara edo zerbitzuetara egokitu ahal izateko. Lan hori Bidasoa bizirik-eko Autoenplegu departamentuak eskaintzen duen zerbitzuari eransten zaio. Bertan, 800 pertsonak jasotzen du arreta urtero”, erantsi du María Serrano Bidasoa bizirik-eko batzordeko kideak.

Juan Carlos Arranz Bidasoa Institutuko zuzendariak balorazio baikorra egin du, ekintzailetza sustatzeko emandako azken urratsen inguruan: “Orain arte, zentro bakoitzak ahal zuena egiten zuen, Bidasoa bizirik-en babesarekin, beti ere. Baina duela pare bat urte, elkarlanean ari gara denak, sarean, modu bateratuan”.

Arantxa Auzmendi Plaiaundi Institutuko zuzendariak ondorengoa nabarmendu du: “Orain sarean lan egiten dugu. Gida honek dituen tresnak, eskualdean egindakoa denez, oso erabilgarriak direla uste dugu”.

Ikasleen artean ekintzailetza sustatzeko programa
Bidasoko Lanbide Heziketa Zentroetan Izaera Ekintzailea Sustatzeko programaren baitan garatu da IKAS-STARTUP. Gazte ekintzailetza prozesuak ahalbidetzera bideratutako ekimena da, lanbide heziketatik abituta. 2016-2017 ikasturteaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoa, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka departamentuaren finantziazioa jasotzen du.

Bidasoko Lanbide Heziketa zentroen hezkuntza planean txertatutako ekimena da, talentua duten gazteengan izaera ekintzailea esnatzeko eta motibazioa pizteko helburuarekin.

Azken ikasturtean, 2016-2017an, sentsibilizatze, motibatze, ahalduntze eta gaitasunen garatze jarduerak burutu ziren, Bidasoko ikasle gazteen artean. Era berean, ekimen ekintzaileen garapena eta enpresa proiektuen laguntza ere landu ziren. Gainera, ekintzailetzari balioa emateko eta sustatzeko jardunaldiak burutu ziren, Lanbide Heziketako 600 ikasle baino gehiagorekin.

Ikasturte honetarako, jarduera berriak planifikatu dituzte (tailerrak, erakusketak eta ekitaldiak), ikuspuntu berritzailearekin, beste difusio eta balorizazio ekintza batzuekin batera. Hurrengo hilabeteetan zehar garatuko dira, eskualdeko hiru Lanbide Heziketako formazio zentroekin; Plaiaundi Institutua, Bidasoa Institutua eta Irungo La Salle. Hiru formazio zentroekin batera egin beharreko jardueren artean, nabarmentzekoak dira maiatzeko pertsona ekintzailearen eguna, eta 2018ko martxoan egingo den beste ekitaldi bat, hackathon teknologiako prototipatze azkarraren inguruan.

Bidasoa bizirik-eko Ekintzailetza eta Autoenplegu departamentua
Irtenbideak eskaintzeko eta jarduera profesional eta enpresariala martxan jarri nahi duten pertsonei laguntzeko lanean ari da Bidasoa bizirik-eko Ekintzailetza eta Autoenplegu departamentua. 2016an, 682 ekintzailek jaso zuten arreta, 330 negozio ideia aurkeztu ziren, 109 enpresa sortu eta 120 lanpostu ahalbidetu.

Formazioa da departamentuaren beste adar nagusia: 500 lagunek jaso zuten formazioa ekintzailetza prozesuetan, 43k enpresa kudeaketan, eta 154k parte hartu zuten informazio ekintza ezberdinetan. Modu horretan, 888 lagunek parte hartu dute, guztira, formazio eta informazio ekintzetan.

Etiquetas: