Udara borobila Irunen

Hotelen okupazioa
Irungo hotel eta bestelako ostatu guztien datuak ezagutu aurretik, abuztuko hilabetean zehar hotelen okupazioa ia %100ekoa izan dela kalkulatzen da. Irungo hotelen sektorearentzako oso datu positiboa da, izan ere, sektoretik oso era positiboan baloratu da azken datu hau zein azken urteetako goranzko joera.

Uztaileko hilabetean okupazioa %80koa izan zen eta bisitariko gaualdien kopuruaren bataz bestekoa 1,63 gauekoa izan zen. 2017 urtea, hotelen okupazioa uztailean %90koa izan zen eta  abuztuan %95ekoa.

Aurtengo izandako bisitari kopuru handiaren ondorioz, kasu askotan, ostalaritzako establezimenduek beste udara batzuetan baino lan gehiago egin behar izan dute. Danako tabernako Naiara Abandok azpimarratu du: “Uste genuena baino lan gehiago egin behar izan dugu. Udara garaian lasaiago ibili ohi garen arren, oso ondo lan egin dugu. Ekaina izan da hilabeterik onena eta uztaileko zein abuztuko hilabeteak antzekoak izan dira. Batez ere, Irun eta hemen inguruko bezeroak izan ditugu, nahiz eta Txina bezalako herrialdeetatik edo Madril bezalako beste Autonomia Erkidegoetatik etorritako bezeroak  ere izan ditugun”.

Turismo bulegoetan jasotako bisitariak
Abuztuko hilabetean zehar 2.071 bisitari igaro dira Luis Marianoko turismo bulegotik. Guztira, uztaileko eta abuztuko hilabeteetan zehar 3.938 bisita jaso ditu bulegoak. Joan den urtean, 2017an, 4.057 pertsona hurbildu ziren bulegora.

Bisitarien jatorriari dagokionez, bisitarien %37,65a Frantzia, Alemania, Erresuma Batua edo Belgika bezalako atzerriko herrialdeetatik etorri da. Bestetik, %29,29a Madril, Katalunia, Valentzia eta Gaztela eta Leon bezalako Espainiako Autonomi Erkidegoetako bisitariak dira. Gainontzekoak, bertako zein Euskadiko bisitariak dira.

Eskaintza turistiko zabala
Bisitariak, Irungo zein inguruko biztanleez gain, hiriaren ondare naturala, arkeologikoa, kulturala eta historikoa hobeto ezagutzeko ekintza ugaritan parte hartzeko aukera izan dute.

Zehazki, ekaineko eta abuztuko hilabeteen artean Oiasso Erromatar Museoak 8.500 bisitari jaso ditu, joan den urtean baino %4 gehiago. Bisiten igoera eragin duten faktoreen artea, “Mulieres: Emakumeak Augusta Emeritan” izeneko erakusketa dago, 2.000 pertsonek bisitatu dutena. Bestetik, Irugurutzetako meatze ingurura doan trenaren erabiltzaileen kopurua %10 igo da joan den urteko datuekin alderatuta.

Gainera, Irungo leku adierazgarrienak ezagutzeko bisita gidatuak egin dira. Bestetik, Donejakue Bidea egiten ari diren erromesen kopurua etengabe handituz doa eta geroz eta gehiago dira  Irungo hirira hurbiltzen direnak. “Jacobi” elkarteak erromesei aterpea emateko eraiki berria du Lesaka kaleko 1. zenbakian.

Etiquetas: