Ducouraun bat egingo dute Bidasoa bizirik-eko zerbitzu guztiek apirilaren 26an

Bidasoa bizirik-ek eskaintzen dituen bulego eta zerbitzu ezberdinak Ducourau eraikinera pasako dira apirilaren 26an. Orain arte, Bidasoa bizirik-ek instalazio ezberdinetan banatuta eduki ditu zerbitzuak. Lekualdatze honekin, zerbitzu ezberdinek puntu bakar batean bat egin dezaten bilatu nahi du Bidasoa bizirik-ek.

Zuzendaritza, Zerbitzu Orokorrak, enpresen babeseko zerbitzua, Europako programen koordinazioa eta Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoa Kostorben daude; ekimen ekintzailea sustatzeko zerbitzua, ekintzaileen eta enpresa berrien laguntza eta coworking espazioa Irungo ospitale zaharraren atzealdean daude; langabeen orientaziorako zerbitzua, formazioa, eskaintzen gestioa eta enplegu zentroa Anakako El Espazio bulegoan daude; eta Turismo departamentuko bulego nagusiak Hondarribiko Kirol Kaian daude. Guzti horiek Ducourau eraikineko egoitzara pasako dira orain.

Horiek horrela, Bidasoa bizirik-ek gaur egun dituen 42 langileek lantoki berria edukiko dute.

Garapen Agentziak eskaintzen dituen zerbitzuak eraginkorragoak izan diatezen lortzea, hiritarrari eskainitako zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta antolatzen diren jardueretara joaten diren lagunen sarbidea erraztea dira helburuak.

Gainera, lekualdatzeak kostuak murriztea ere badakar, egungo bulegoetako batzuk alokairuan baititu Bidasoa bizirik-ek.


Antolamentu berria
Sarbide solairuan harrera eta bi gela egongo dira, beheko solairuan El Espazioko bulegoak, lehen solairuan egungo Kostorbeko bulegoak eta azken solairuan ekintzaileen eta enpresa berrien laguntzarako zerbitzua eta coworking gunea egongo dira. Bestalde, ondoko eraikinean biltokia, formazio gelak eta tailerrak egongo dira.


Lekualdatzea eta kostua
Apirilaren 16an hasiko da lekualdatzea eta hilaren 26rako departamentu guztiak lantoki berrian martxan egon daitezen espero da. Apirilaren 16 eta 17an El Espazioko bulegoak lekualdatuko dituzte, 18 eta 19an Autoenplegukoak eta apirilaren 23tik aurrera egungo Kostorbeko bulegoak.

Instalazio berrien eraberritzearen kostua 490.000 eurokoa izan da, Ducoureau Bidasoa bizirik-en beharretara egokitzeko beharrezkoak ziren altzariak eta bestelako materialak erostea kontuan hartuta.

Zenbait datu
Bidasoa bizirik-eko Autoenplegu departamentuan proiektu baten hasierako ideiatik enpresaren sorrerara laguntza eta aholkularitza eskaintzen dira. 1996az geroztik 8.436 lagunek jaso dute arreta, 5.645 proiektu berriek aholkularitza, eta 1.689 enpresa sortu dira. Gainera, 1200 lagun inguruk parte hartu du egindako 117 tailerretan. 2017an, 289 proiektu babestu dira, 491 ekintzailerenak, eta formazio zentroetako 800 gazte baino gehiagok parte hartu du departamentuak antolatutako formazio ekintzetan.

Ekonomia, ikasketak eta berrikuntza departamentuari dagokionez, 2017an, 315 enpresak parte hartu du berrikuntza eta lehiakortasun programetan. Horietatik 60k, diseinua eta sormena lantzeko programetan, CONNECT innovation Bai! mugaz gaindiko proiektuaren baitan, enpresetan azken teknologiak eta lan metodologiak aplikatzeko aholkularitza jaso dutelarik. Gainera, direktorio bat osatu da, Innov-Mugabe web gunean, 6.000 enpresa baino gehiagorekin.

Bidasoko Hiri Behatokiari dagokionez, informazioa jasotzeko 80 eskaera jaso ziren urte osoan zehar.

Enplegu eta gizarte berrikuntza departamentuak 15.000 lagun baino gehiago hartu zituen 2017an, eta 1.200 parte hartzaile baino gehiago eduki zituen, enplegua bilatzeari buruzko tailerretan. Gainera, urte osoan zehar, Enpleguaren Astea kontuan hartuta, 516 lan eskaintza kudeatu ziren, 1.117 lanpostu sortu zituztenak.

Bukatzeko, Turismo departamentuak 97.187 lagun hartu zituen 2017an Irungo eta Hondarribiko turismo bulegoetan, 33.894 web gunearen bidez. Promozio turistikorako 11 ekintza burutu ziren azoketan.

Etiquetas: