Abotsanitz taldearen aurrekontu udalbatzako balorazioa

Aurreko astean burutu zen Hondarribiko Udaleko 2019 ekitaldiko aurrekontuen onarpeneko Udalbatza.

Hondarribiko Udal Gobernuak proposatutako 21’8 M. €ko aurrekontua onartu zen EAJko zinegotzien aldeko bozkak besterik jaso etzituztelarik. Gehiengo osoak ematen dion indarra behin eta berriz baliatzen dutelarik.

Nabarmen ikusi zen oposizioko alderdi guztiek ez dituztela gustokoak aurrekontu hauetan adierazitako asmoak. Udalaren funtsa handitzea besterik ez dakar Udalaren jarduteko modu honek (50 miloi eurora iritsiko da legegintzaldia amaitzerako), gastuak %60an besterik ez ditu egikaritzen, pertsonalean dagoen arazoari etzaio konponbiderik topatzen, partehartzeari etzaio inolako tokirik uzten,…

Abotsanitz Udal Taldeak osoko emendakina eta 46 emendakin partzial proposatu zituen:

    - Osoko Emendakina -> Udal Gobernu Taldeak aurkezturiko proposamenak ez du jasotzen errealitatean izango ditugun baliabideak. Beraiek bera onartu zuten dirusarrera handiagoak izango direla eta guk diogu hori egia izanik, gastuak gauzatzeko gaitasunik ere ez dagoela Hondarribiko Udalean. Hala nola, aurtengoan ere, herritarren partehartzeari etzaiolako inolako lekurik eman.

    - Emendakin partzialak -> Abotsanitzen ekimenaz gain, herritarren eta herri eragileen hainbat ekarpen jasoak izan ziren. Guztira 46 emendakin jaso ziren orotara 4 M. €ko kopuruarekin. Bereziki aipatzekoa da herritarren ekarpenak kostu maila apalekoak direla eta aurrekontuan  txertatzea ez dela batere zaila.

Salatu nahi dugu aurtengo Udalbatzan aurreko urtekoan bezalako tratua jaso dugula. Gure aldetik dena jarri dugu aurreko urtean gertatutakoa berriro errepika ez zedin. 15 eguneko epean jarri genuen informazio guztia mahai gainean, gaiaz arituriko batzordeetan jarrera proaktiboa izan dugu, etab. Alkate jaunaren partez egindako lanagatik eta hitzartutako epeak errespetatzeagatik eskerrak jaso izana eskertzen da, baina bereziki eskertuko litzateke lanketa hau aintzat hartu izana.

Ez dugu ulertzen Udal Gobernu Taldearen aldetik negoziazio prozeduratik Udaletxeko bigarren indarra duen taldea baztertu izana. Ulertzen dugu honetarako argudio bakarra urte hauetan egin dugun lanketak PNVk kontuak azaltzerako garaian zuen diskurtsoa ezeztatu dugula. Hain zuzen urtero 5 M. € sobera izanten direla kudeaketa onaren ardatz dela aipatu izan dute eta Abotsanitz Udal Taldeak egindako lanari esker agerian geratu da baieztapen hori faltsua dela.

Hala ere, egindako lan horren ondorio jasotako mendeku politikoa ez dugu gustoko eta Gobernu Onaren printzipioetatik urrun geratzen da. Pentsatzen dugu mendeku politikoak ez du lekurik gure jendartean.

Azkenik, adierazi nahi dugu Hondarribiko Udalaren hobe beharrez, eta baita Hondarribiko herritarren hobe beharrez lanean ari garela. Eta herritar orori, Alkate jaunari eta Udal Gobernu Taldeari jakinarazi nahi diogu bide honetatik tinko jarraituko dugula, herritarren eskubideak defendatuz eta herri duinago bat helburu izanik ari bait gara lanean.

Etiquetas: