Irun solidarioa, udal agintariak ez hainbeste

Rueda prensaBerehala ikusi genuen Irungo tren geltoki inguruan migratzaileak zeudela, ez zutela oinarrizkoa, zerbait egin beharra zegoela. Udalari jakinarazi eta ez zuen ezer egin, erantzunik ez. BIDASOKO SOS ARRAZAKERIAren deiari erantzunez, ahoz aho, taldean mugitzen hasi eta udaletxeko arkupean gosaria antolatu genuen. Ondoren, Lakaxitak egoitza eskaini eta hantxe ibili gara hainbat irundar eta elkarte solidario bazkariak eta afariak ematen, egunean 30 bat pertsona etortzen dira bazkaltzera.

Udala geroago hasi da mugitzen hiritarrok egindako presioaren ondorioz. Gaur egun 24 ohe jartzen ditu, eta astelehenetik ostiralera gosaria eta bazkaria eskaintzen die.

Guk egunero afaria prestatzen diegu, eta asteburuetan dutxa, gosaria, bazkaria eta afaria. Dagoeneko, 500 bazkaritik gora eman ditugu. Halaber, arropa, zapatak, mudak eta aholkularitza eskaintzen diegu. Eta inor gaixorik badago ospitalera ere eramaten dugu, honek gutxienekoa beharko luke izan!

Hau Guztia, jendearen laguntzarekin, elkarte eta jatetxe askoren eskuzabaltasunari esker:

Irungo Lakaxita, PausoK taldea, Hondarribiako Abarka jatetxea, Donostiako La Cuchara, Zaporeak elkartea, Gipuzkoako elikadura bankua, Adiskidetua, Ongi etorri errefuxiatuak eta irundar askori esker. Eskerrik asko denoi.

Baina,egoera hau, egunetik egunera, larriagoa da. Gero eta gehiago dira muga zeharkatzeko asmoz Irunera iritsi eta Estatu Frantseseko poliziak bueltatzen dituenak.

Bitartean udal agintariak ez dira behar bezala mugitzen. Udalak ez du ezer gehiago egingo? Oporretan dago? Aparteko egoeratan ikusten da udal baten eraginkortasuna. Irun hiri abegitsua diote. Benetan? Irundarrak bai, baina Udalak asko dauka egiteko. Haien jarrera eskasa salatu nahi dugu.

Iristen diren pertsonak gose dira, osasun ahula dute, oinak minduta, oinarrizkoa egunero behar dute. Baina, udal honek dutxarik gabe, janaririk gabe uzten ditu asteburuetan.

Guk lanean jarraituko dugu, euren etxea eta familia utzi behar izan dutenen lekuan jarriz, eta berriz diogu, instituzio publikoek konpromiso gehiago hartu behar dituzte, egiten dutena, ez da nahikoa.

Bukatzeko esan, gurekin lan egin nahi duena gertura dadila. Batez ere mutilen arropa behar da. Udako arropa, mudak, oinetakoak, motxilak, bixerak... Ekarri gure lokalera. Kale Nagusia 14. Astearte eta ostegunetan 17:00etik-19:00etara, denak ongi etorriak izango dira. Bestela.

IRUN eta BIDASOAKO jatetxeei, tabernei eta dendei ere laguntza eskatzen diegu. Zerbait sobratzen bazaizue edo edozertan lagundu nahi baduzue jarri gurekin harremanetan eta jasotzera joango gara.

BIDASOKO SOS ARRAZAKERIA: 688 81 23 30

Gure artean denak zarete ongi etorriak.

Etiquetas: