Abotsanitz Udal Taldeak 2018ko Hondarribiko Jaien balorazioa egin du

Abotsanitz.- Hondarribiko Jaien balorazioa egiterako garaian sentsazio GAZI-GOZOA dugula esan beharrean gaude.

Adierazgarria izan da jai egunetan izandako jendetza; jaiez parte hartzeko borondate itzela egon delarik. Jendetza hau, Udalak antolaturiko ekimenez gain, eragileek antolaturikoetan ere bereziki azpimarratzekoa deritzogularik.

Jaiek hainbat ikuspegi positibo izan dute; hala nola, Abotsanitzek aurreko urtean proposatutako Gazte Gunearen sorrera, Hondarribia Arraun Elkarteak herriari eginiko “oparia”, etab.

Hobetu beharreko hainbat gai ere aipatu beharrean aurkitzen gara. Aipagarria deritzogu Txiplao errekara egindako isurketa (Udalean eta Txinzerren adierazi duguna), komun publiko eskasiaren sentsazioa.

Baina zalantzarik gabe, Irailaren 8an Kale Nagusian gertaturiko istiluak izan dira Jaietako alderik ilunena. Puntu honi helduz, Alarde egunean Kale Nagusian izandako gertakariak oso larritzat jotzen ditugu. Bereziki aipatu behar dugu Kale Nagusian gertaturikoa, han bizitako giroa ez bait zen herriko beste guneetara zabaldu. Baina oso larritzat jotzen dugu aurrez prestaturiko ekimenak izan zirela eta horrek nabarmen trakestu zuela jaiaren giroa.

Lehenik eta behin, han jazo ziren eraso, irain eta pertsonekiko errespetu falta arbuiatzen ditugu. Bereziki babestu nahi ditugu egoera jasangaitza sufritu zuten adingabeak eta komunikabideetako profesionalak. Pertsonekiko eta profesionalekiko errespetu faltak ez dute lekurik Hondarribian.

Bestalde, herritarren arteko hizketarako beharra inoiz baino handiagoa dela nabarmen ikusi ahal izan dugu. Herrian ditugun arazoen aurrean elkar konpartitzeko beharra eta bideak elkarrekin jorratzearen beharra ikusten dugu. Bide honetan gero eta eragile gehiagoren partehartzea nabarmentzekoa da; hala nola, herriko apaizak bake bidean egin beharreko urratsak eskatzea, etab.

Abotsanitzek behin eta berriz aipatu du egoera honen aurrean modu diskretoan lanean jardun dela, partikularki zein eragile ezberdinekin, egoera partekatzen eta aurrerapausoak nola bidera daitezkeen aztertzen. Egindako lanketarekiko balorazio positiboa egin dugu, baina bide horretan aurrera jarraitzeko ezin bestean ixiltasunetik publikotasunerako urratsa egitea ezinbestekoa deritzogu.

Beraz, Abotsanitz Udal Taldeak elkarrizketaren bideari inoiz baino indartsuago eusteko beharra ikusten du eta egiten den lan hau modu pribatutik publikora egiteko urratsak egiten saiatuko gara.

Etiquetas: