Jaizkibel Konpainia: "Guk ez dugu etsiko, ez diogu titibiliti jotzeari utziko, ez dugu kale nagusia galduko"

Aski da ozen bat esateko elkartu gara gaur hemen. Aski da, gure kontrako eraso eta irainak bizitu behar izateari. Aski da instituzioen utzikeria eta beste aldera begiratzeari. Aski da jaia bizitzeko bi era daudela aitzakiatzat erabiltzeari. Aski da gure egoeraren berri, festaz zein gatazkaz informatzera datozen kazetarien kontrako erasoei. Aski da beste aldera begiratzeari.

Larunbatean, Hondarribian, ez ziren jaia bizitzeko bi modu parez pare topatu. Larunbatean, Hondarribian, emakumeon parte hartzea aldarrikatzen duen konpainia batek kale nagusiko ibilbidea egin zuen, eta beste aldean, plastiko beltzen itzalpean, guri eraso egin zigun jendea egon zen. Ez zen festa bizitzeko beste modu bat, eraso argi eta garbia izan zen.

Eta aurtengoa bereziki gogorra izan bada ere, ezin dugu ahaztu urteak daramatzagula kale nagusia plastiko beltzez josia dagoela igotzen. Urteak dira gure kontrako erasoak eten ez direla, eta urteak dira, “normaltasuna” omen zegoela zioten instituzioen urteroko mezuak irakurri behar ditugula. Ez, hemen Hondarribian gertatzen dena ez da normala. Patriarkatua eta matxismoa da 8an ikusi eta bizi behar izaten duguna, emakumeok kalea, festa parekidetasunean bizi ezin izatearen kontrako erasoa da. Eta honen aurrean Hondarribiako udalak, Gipuzkoako egungo Aldundiak eta Jaurlaritzak itsu-mutu eta gor egon direla. Eta jarrera honek ez du neutraltasunetik ezer, jarrera honek erasotzailea babesten eta hauspotzen du. Horregatik diogu gaur aski dela. Edo soluzio eta normalizazioaren bidean urratsak emateko lanketa bat ezartzen dugu edo berdin jarraituko dugu. Guk beti esan dugun moduan prest gaude esertzeko, hitz egiteko… Baina ez gaude prest berriz ere larunbatekoa bizitzeko. Aski da. Ez dugu onartuko inpunitate hau. Ez ditugu eraso hauek onartuko. Eta ez dugu onartuko konponbidearen izenean gu ez ikusteko proposamenak mahai gainean egotea. Erasoak saihesteko eskubideen gauzatzea alde batera utzi behar dugu orain? Eskerrak sufragistek ez zutela etsi eta egun emakumeek bozkatzeko eskubidea dugun. Eskerrak Rosa Parks ez zela altxatu eta egun segregazio raziala ez den lege. Eskerrak Kathrine Switzerrek korrika egiteari utzi ez zionik eta egun maratoietan emakumeok ere parte hartu dezakegun.

Horrexegatik guztiagatik, aipatutako instituzio horiei guztiei bilera ezberdinak egitea eskatzen diegu. Ezin dugu datorren urteko Irailera itxaron elkartzeko, bada garaia larunbatean gertatutakoa esku artean hartu eta lanean has gaitezen. Beraz, Urkullu, Olano eta Sagarzazu jaunei eta Beltran de Heredia andereari zera eskatzen diegu, gurekin biltzea eta proposamen konkretuak mahai gainean jartzea.

Guk ez dugu etsiko, ez diogu titibiliti jotzeari utziko, ez dugu kale nagusia galduko. Baina 8a ez da soilik kale nagusia, 8a arrantzale auzoa, alde zaharra eta Hondarribiko beste milaka txoko dira. Eta bertan, ez dago minoria batek antolatzen duen eraso koordinatua, bertan irribarreak, txaloak, agurrak… daude, bertan festa dago. Bertan, gu ikustera datozen Hondarribiarrak daude, Kale Nagusian gertatutakoaz lotsatzen diren herritarrak. Zeren bai, askok eta askok esan digute aski dela, ez dutela onartzen larunbatean gertatutakoa, eraso horrek inondik inora ez dituela ordezkatzen. Beraz 8an festa eta aldarrikapena uztartzen jarraitu behar dugu oraindik ere. Eta zentzu horretan, hau egiten jarraitzeko babesa eskaini diguten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Euskal Herriko Mugimendu Feministari, inoiz bakarrik egongo ez garela sentiarazi zigutelako; gu txalotzera eta plastiko beltzen atzean zeudenen erasoak pairatu behar izan zituzten lagun guztiei, egoeraren gogortasunean ere irribarrez eta txaloz kale nagusia igoarazi zigutelako eta gerora, gure atzetik etorri behar izan zutelako, kale nagusiak suposatzen zuen egoera zailari aurre egiteko; udaletxeko arkupeetan zein elizako atarian zeuden mandatari guztiei, erdibidean ez geratu eta posizionatzeko erabakia hartu dutelako; kazetariei, gertaeren berri emateko, egoera zailetan bada ere bertaratzeko eta haien lana egiteko ausardia izan zutelako; eta azken egun hauetan zuen babesa modu publiko zein pribatuan erakutsi diguzuen Hondarribiar guzti horiei. Parekidetasunaren aldeko olatua martxan da Euskal Herriko txoko guztietan. Hondarribian besteak beste 25 urte daramatzagu festa parekideen alde lanean eta larunbatean, ezin dugu ahaztu olatuari euri tanta gehiago batu zitzaizkiola. Geroz eta konpainia handiagoa gara, geroz eta babes gehiago daukagu, geroz eta jende gehiagok egoera honi buelta ematea nahi du.

Beraz, bada garaia posizionatu, konponbidearen alde lan egin, eta behingoz alarde bakar bat, publikoa eta parekidea lortzeko, larunbateko irudiak iraganean utziz. Eskerrik asko Hondarribia, denon artean lortuko dugu denontzako alardea.

Jaizkibel Konpainia

Etiquetas: