Abotsanitz herriko komertzio eta saltokien babesean

Abotsanitz Herri Batzarra Eusko Jaurlaritzan izan da atzo goizean, Dendartean eta Euskal Dendak elkarteek gonbidatuta, herri komertzio eta saltokien babeserako jorratu den mozioa jarraitzen.

Landu duten dokumentuak, Jarduera Ekonomikoetarako Lurzorua Sortzeko eta Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari buruz" izenekoak, gaur egungo saltoki handien ugaritzeari mugak jartzeko asmoa du, herriko saltoki eta komertzioen bizi iraupena bermatzeko balioko lukeena.

Mozioa aurrera atera da, bultzatu duten eragileen poza nabarmena izan delarik.

Onartutako proposamena:
1. Legebiltzarrak uste du ezinbestekoa dela merkataritza eskaintzaren lurralde banaketa arautzea, besteak beste, honako hauetarako: lurralde antolamendu egokia lortzeko, garraioaren eta azpiegituren plangintza zuzena egiteko, ingurumena babesteko, jarduera ekonomikoetarako eremuak era orekatuan antolatzeko, saltokietarako irisgarritasuna herritar guztiei bermatzeko eta hirietako merkataritza sarea suspertzeko.

2. Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio hiru hilabeteko epean aurkez dezala kronograma bat “ekonomia-jarduetarako eta saltoki handiak antolatzeko lurzoru publikoa sortzeko Lurralde Plan Sektorial” berriaren tramitazioaren amaiera ahalik eta legezko debora laburrenean diseinatzeko. Halaber, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio LPS Lurralde Plan Sektorial berriak Merkataritza Ekipamendu Handi berriak sortzeari eta daudenak handitzeari mugak ezar diezazkiola, era horretan LPSren inguruan 2004an zegoen adostasuna berriz lortzeko. Horretarako, Jaurlaritzak 1. puntuan adierazitako irizpideak erabili ahal izango ditu, Auzitegi Gorenak zein Europako Batasunaren Justizia Auzitegiak onartzen duten bezala.

 3. Legebiltzarrak, premiazko kontua denez, Jaurlaritzari eskatzen dio berehala hel diezaiola Merkataritza Jardueraren Legearen 13. artikulua aldatzeari, saltoki handiak arautzeko baimentze erregimenari lege izaera emateko, euskal LPSari buruz Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiak eskatzen duen bezala, Lurralde Plan Sektorialaren segurtasun juridikoa sendotzeko, eta merkataritza jarduera eta lurralde antolamenduaren gaineko araubidea era harmonikoan uztartzeko.

4. Legebiltzarrak erakunde publiko guztiei eskatzen die, ekonomia-jarduetarako eta saltoki handiak antolatzeko lurzoru publikoa sortzeko Lurralde Plan Sektorialaeta Merkataritza Jardueraren Legearen aldaketa indarrean sartu arte, ez ditzatela alda beren HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak, ezta birkalifikaziorik onartu ere, ezta saltoki handiak irekitzea edo handitzea ahalbidetuko duten bestelako erabakirik hartu ere. Era berean, Jaurlaritzari eskatzen dio susta dezala Merkataritza Ekipamendu Handiak irekitzeari edo handitzeari buruzko luzamendua, horretarako egun dauden aukera legalak baliatuz.

5. Legebiltzarrak aitortzen du merkataritza arloko elkartegintzaren funtsezko balioa, eta bere esker ona luzatzen die esparruko elkarteei.  Merkataritza elkarte horien oinarrizko eginkizunarekin bat eginda, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio esparru honen hainbat funtsezko programa (Hirigune, MBT Merkataritzako Bulego Teknikoak, MEC Merkataritza-saltokiak Modernizatzeko Laguntzak, prestakuntza dibulgatzailerako agindua, bekadunak, etab.) arautzen dituzten Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko 2018ko aginduak molda ditzala; era horretan, agindu horiek ez dira elkartegintzaren aurkakoak izango, eta, hortaz, elkarte sareari behar besteko garrantzia emango zaio merkataritza sustatzeko politiken garapenean, horrela, Legebiltzarraren agindua eta sektorearen eskaera betez.

6.    Legebiltzarrak Jaurlaritzari, 5. puntuan adierazitakoari bide emanez, eta eskatutakoa betetzeko hartu beharreko neurrien artean, honako hauek eskatzen dizkio: MBTren kopurua aurrekontu-zuzkidurak ahalbidetzen duen 42rainokora zabal dezala, egun dauden elkarte onuradun berberei eutsi diezaiela eta, beraz, langileak kontratatzeko bestelako finantzabideak dituzten elkarte berriekin ez dezala sarea ahuldu, Hirigunearen Aginduan hainbanaketa-klausula lehengora dezala, MECen balorazioan bazkide diren elkarteei 5 puntu ematen jarrai dezala -elkartegintza sustatzeko pizgarri eta babes gisa-, “dibulgatzailea” deritzan programari eutsi diezaiola egungo beharretara egokituta, baliabide tekniko, ekonomiko eta prestakuntza aldetikakoei eutsiz, merkataritzako profesionalen eta enpresarien  gaikuntza hobetzeko.

Etiquetas: