Irungo Txiflando antzerki tailerraren “FIÑIXTTERRE” antzezlana, Antzezmotz lehiaketaren irabazle

Antzezmotz, Urretxun burutzen den antzezlan laburren  lehiaketa da. Bertan Euskal Herri osotik iritsitako piezak aurkezteko aukera dute talde sortzaileek. Kamakros antzerki taldeak antolatzen du lau egunetan burutzen den antzerki jaialdia. Aurten 11 talde aurkeztu dira, gehienak gaztelerazko proposamenekin. Martxoaren 9an burutu zen finalean Irungo Txiflando antzerki tailerrak lehenengo saria eskuratu zuen “Fiñistterre” antzezlanarekin.Txiflandoko kidea den Amaia Rodriguezek dioen bezala, mota hauetako lehiaketak  “oso garraintzitsuak dira egiten dugun lana aurkezteko aukera ematen digutelako” Azpimaragarria da  euskarazko antzezlan batek epaiaren eta publikoaren erabateko onarpena lortu izana.

Txiflando antzerki tailerra Anakan biltzen da. Bertan sortu zen “Fiñixtterre” antzezlan txapelduna. Legaleon T talde mitikoaren lokalean ikusi eta ikasi egiten dute Rakel Salinasek, Amaia Rodriguezek eta Beatriz Aranak, Txiflandoko partaideek. Antzezaletasun amorratuak eta erraietako antzezteko grinak batu zituen hirurak Legaleon Tko ikastaro batean, duela lau urte. Ezkeroztik antzerkiko urak blai daude.

S.O.S.TEMIBLE izan zen Txiflandok  plazaratu zuen lehenengo antzezlana. Abiadura Handiko Trena bezalako azpiegitura zentzugabe eta txikitzaileak bultzatzen dutenei kritika zorrotza, sarkastiko eta umoretsua egiten zieten aktoresek sketch expresionista eta istrionikoen bitartez.   Modernitatearen argi hutsalen  isladek  hiritarrengan eragiten duten lilura  gure jendartea itsutzeraino, gordinki kritikatzen zuen S.O.S.TEMIBLEk.

“Fiñixtterre” mugimenduari lehentasuna ematen dion antzerki fisikoa da. Espazioaren etengabeko bilaketan irudi poetikoak osatzen dituzte aktoresek, estetika oso landuaren bitartez. Hitzak margotzen ditu ikuskizun metaforiko honek.

“Fiñixtterre”ko hiru emakumek  ixtorio zaharrari amaiera emango diote bizitza berri bat hasteko. Lurraren  bukaera, Fiñixtterre, itsasoaren hasiera ere bada. “Itsasropenan” murgilduko dira hiruak, berezko mugimenduaren bila. Patriarkatuak marrazten duen lerro zuzenatik ibiltzea  ez dute inoiz atsegin izan.  Nahiago dute  seaska itxura duen olatuaren  mugimendu kulunkaria.   Emakumeen gatza izkutua  itsasoaren kresalarekin batzerakoan ikusgarria ezezik distiratsua ere izatera iritsiko da.  Izerdiaren kirats itsaskorrak historia astinduko du.
 
Patriarkatuari oda satirikoa da “Fiñistterre”, bere sortzaileen hitzetan. Beatriz Aranak idatzi ditu testoaren oinarria diren bi olerki. Beatriz Cornagok gorputz irudiak esleitu dizkie  hitzei,  eta lana zuzendu eta gorpuztu egin du.  Espe Lopezek urrezko laguntza eskaini die aktoresei bere iradokizun erabakiorrekin. Eta Marianorik gabe ez lukete izango ez argirik ezta musikarik ere. Atzo ta egun talde lana txapeldun!

Txiflandoko partaideak oso pozik daude epailearenganaino eta publikoarenganaino iritsi zirelako Urretxun.  Berridatziko ditugu hemen Fco. Javier Aguado Goñik,  Urretxuko kazetariak, Antzezmotz finalaren harira,  martxoaren 15ean bertako komunikabide batean  idatzi zituenak:
    “Amaia Rodriguezek, Rakel Salinasek eta Beatriz Aranak publikoa liluratu egin zuten berriro ere beraien indar eszenikoarekin, gordinki irekia eta erreparorik gabeko expresibitatearekin,  zeinak lehenengo galatik epaiearengana eta publikoarengana iritsi baitziren.  Irundarrak txapeldunak izan ziren eta 800 euroko saria eskuratu zuten.  Indarrak, sinbolismoak, mezuak, estetikak,”dantzak” eta interpretazioak jotako lan itzela da Fiñixtterre. Erakusten diguten errealitatea kuestionatzen dute pertsonaiek bertan. Hiru emakume espazioan eta denboran, hasiera eta amaiera batekin. Finix ta erre.“

Irun eta Onddarbin Fiñixtterre antzezteko irrikitan daude Txiflando kideak. Beraz, badakizue, zuen gonbidapenak eskertuko dituzte. Gora euskal antzerkia!!! oihukatu dute. Ziztuka.

Etiquetas: