Jesus Carrera Olaskoaga buruzagi komunista hondarribiarraren gorpuzkiak etxera bidean dira

Sei orduko interbentzioaren ondoren, Aranzadi Zientzia Elkartearen esku geratu dira Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) idazkari nagusi zenaren gorpuzkinak. 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten Alcala de Henaresko hilerriko hormaren kontra, eta bertan hobiratu zuten. 73 urte egon dira bere gorpuzkiak etxetik urrun, atzora arte.

Argi, Maria eta Xabi Carrera, Jesusen ilobek, bertatik bertara jarraitu zituzten osabaren gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak. “Arantza bat kendu dugu, familian oso aspalditik gordeta geneukan arantza bat”, adierazi du Xabik.

Bederatzietan hasi zen exhumazioa eta lehen uneak gogorrak izan zirela onartu zuen buruzagi  komunista izandakoaren ilobak: “Hasieran oso gogorra izan da, tapa altxatu dutenean. Baina inguruan hainbeste jende ikusteak asko lagundu digu”. Besteak beste, PCEko kideak, Alcalako memoria elkartekoak, eta Javier Rodriguez Alcalako alkate sozialista egon ziren ekitaldian. “Alcalako alkateari bereziki eman nahi dizkiogu eskerrak, tramite guztiekin laguntzeaz gain, gurekin egon nahi izan du hasieratik bukaeraraino. Bere jarrera izugarria izan da denbora guztian”.

Aranzadiko arkeologia eta antropologia arloko hiru kidek zuzendu zituzten lanak, Paco Etxeberriak, Lourdes Herrastik eta Tito Agirrek. Nolanahi ere, jende asko lagundu zuten lanetan, baita familia ere: “Oso polita izan da, lurra bahetzen lagundu eta osabaren hatz zatiak, hortzak aurkitzea…”

Aste batzuk beharko dira Aranzadik gorpuzkiak Carrerarenak direla laborategian guztiz ziurtatzeko. Ondoren, Hondarribiko hilerrian hobiratuko dituztela erantsi zuen Xabi Carrerak, “Carrera Olaskoaga familiaren panteoian, lau anai-arrebekin batera, eta bosgarrenaren ondoan. Egun horretan itxiko dugu zirkulua”, erantsi zuen.

Ikerlariak asebeteta
Aitzol Arroyo historialariak burutu du Jesus Carrera Olaskoagaren ikerketa. Azken hilabeteetan Joserra Enparan Sasetaren Aldeko Taldeko kidearen laguntza izan du. Bi ikerlariek parte hartu zuten atzoko exhumazioan eta “asebeteta” bukatu zutela onartu du Arroyok. “Aurreikusitako helburuak bete baino gehiago egin dira. Hezurrak ez zeuden oso egoera onean eta, adibidez, tiroa non jaso zuen ziurrenik ez dugu jakingo, baina hezur ugari atera dira, garezurra, hankak, besoak, eskuak…Bi zapatilak ere agertu dira, egoera bikainean, eta gerrikoaren belarria, gauza horiek oso garrantzitsuak dira”.

Enparanen ustez, Jesus Carrera nor zen eta zergatik borrokatu zuen aintzat hartzeko balio izan zuen atzokoak: “Gorpuzkiekin batera berreskuratu da historiaren zati garrantzitsu bat. 1945ean fusilatu zuten, gerra eta gero, gerra kontseilu baten ondorioz. Eta beren baloreak berreskuratu dira, langile izaera, askatasunaren eta faxismoaren aurkako borroka, eta heriotzarainoko konpromisoa”.

Argazkien eta testuaren egilea: Asier Perez-Karkamo, HITZAko kazetaria

Etiquetas: