Maria Jose Porrino: «Alokairuzko etxebizitza duina lortu arte kalean jarraituko dut»

María José PlazanImanol Saiz. bidasoa.hitza.eus.- 12 urteko alabarekin bizi da irundarra, partekatutako pisu batean. Minbizia duintasunean gainditu ahal izateko bidezko alokairua eskatzen ari da San Juan plazan kanpatuta. «Ez dut ezer doan nahi».

Jada 23 egun daramazu San Juan plazan kanpaturik [elkarrizketa asteartean egina dago]. Egun gogorrak izaten ari dira, ezta?
Bai, hala da, zailak izaten ari dira. Halere, azkar pasatzen ari dira, jende asko dut alboan babesa ematen eta horrek asko laguntzen du. Pixka bat zoratuta nago, eguneroko gauzak egiteko aukera ez dudalako. Hemen geratuta ezer lortu ez badugu, hemendik alde eginda are gutxiago. Eta hori da udalekoek nahi dutena, gu hemendik joatea.

Zerk bultzatu zintuen kalean kanpatzera?
Nire gaixotasunaz ohartu nintzenean pisu bila hasi nintzen, aspalditik dator gatazka. Nire soldatarekin ikusi nuen ezinezkoa izango zela alokairu bat ordaintzea, orduan, udalarekin kontaktuan jarri nintzen, zuzenean alkatearekin hitz egiteko asmoz. Ez nuen gizarte zerbitzuekin hitz egin nahi, badakit bertan zer dagoen. Bi hilabetez deika aritu ostean gizarte zerbitzuetatik jarri ziren nirekin kontaktuan, eta nik alkatearekin hitz egin nahi nuela insistitu nuen beste behin. Bi hilabetez egunero deika aritu naiz alkatearen idazkariari. Apirilaren 15eko agerraldia baino lehen Sergio Corchonekin (Ongizate saileko ordezkaria) hitz egin nuen, eta inolako konponbiderik ematen ez zidatenez, kalera joango nintzela esan nion. Aurretik ere abisu berbera helarazi nion, eta berak esan zuena ‘zure erabakia da’ izan zen. Bada nire erabakia denez, nirea kalera ateratzea izan da.

Nolakoa da zure egungo egoera?
Bost metro koadroko gela batean bizi naiz nire alabarekin batera, alabarekin partekatutako ohe batean egiten dut lo. Betidanik partekatu dut pisua, baina kimioterapiarekin hasi nintzenean egoera ezberdina izaten hasi zen. Astebete pasa dezaket botika izerditzen, hori alabarentzat deserosoa da, baita bestelako pertsona batentzako ere. Orduan, beste ohe txiki bat erostea erabaki nuen, liburu bat bezala irekitzen diren horietakoak, baina ez zait gelan sartzen. Alabak sofan egin behar izaten du lo. Intimitatea behar dut gaixotasuna dudan bitartean. Orain ongi nago, baina egun oso txarrak izan ditut. Espazioa behar dut alabak ni gaizki ez ikusteko, eta nire ama zaintzera etortzeko aukera izan dezan. Atzo, adibidez, nire alabak egin behar izan zuen afaria, 12 urterekin. Alboan ama izateak dena erraztuko luke. Gainera, partekatutako etxebizitza batean ezingo nuke bizitza normala egin. Horregatik diot oraindik ez dakidala zehazki zer egin. Orain lasaitasuna behar dut, hori argi dut.

Egunero 12:00etatik 20:00etara kalean kanpatzen egon arren, ez diozu pisua bilatzeari utzi, ezta?
Egun alokairuzko pisu baten bila nabil, etengabe. Hilabete honetan bizitzen ari garen pisuaren alokairuaren erdia ordaindu dut, bertatik lehenbailehen ateratzeko asmoz. Halere, oso ilun ikusten dut egoera, eta oraintxe bertan ez dakit zer egin. Hilabete honetan jarraitzea besterik ez dut izango ziur aski, baina ezin dut gehiegi luzatu. Nirekin pisua partekatzen duen laguna deseroso dago, eta alaba eta biok ere bai. Egun hauetako batean pisua utz dezaket. Eta gero, fisikoki, ondo sentitzen naiz. Atzo [astelehenean] eman zidaten kimioa, baina ondo nagoenez ez dut gaizki eramaten. Baditut egunak haserre jaikitzen naizela, baina hainbeste jende alboan ikusteak asko laguntzen nau. Espero dut horren ongi egotea gaixotasun guztian zehar. Borroka egiteko gogoz nago, hori da garrantzitsuena.

Zer egingo zenuke egungo pisua uzterako orduan?
Pisua uzten badut ez dut nora joaterik. Aurretik esana diot Corchoni udaletxeko arkupeetara etorriko naizela beharrezkoa bada, altzari guztiekin, eta gero bertatik bota nazatela.

Joan den apirilaren 26ko udalbatzan hitza hartu zenuen. Zein sentsaziorekin irten zinen bertatik?
Oso gaizki atera nintzen udaletxetik. Gero, batzuen aldetik komentario negatiboak entzun ditut, jende askok jakin gabe hitz egiten du. Jendeak ez daki zenbat borrokatu behar izan dudan azken hilabeteotan, dena ez dela hain polita izan. Nire kasua ez da salbuespen bat. Denek ditugun eskubideak dira. Eman dizkidaten irtenbide guztiak hasieratik egindako presioari esker izan dira.

Zein da zehazki udaletik eskaini dizuten irtenbidea?
Hasiera batean pisu bat alokatzeko laguntza eskaini zidaten, hasierako gastuak ordaintzeko. Baina kontua da nik ezin dudala pisu horretara sartu, 1.400 euroko gutxieneko nomina eskatzen dutelako bertan, eta nik ez dut hori. Laguntzak ez du ezertarako balio. Gero, hilabetero 250 euro eta gastuak ordaintzeko laguntza eskaini zidaten, baina pisua ez badut ez didate ematen. Beste irtenbidea pisua bilatzeko laguntzaile bat jartzea da, baina nik badakit nire aldetik bilatzen. Ama ni zaintzera etortzea beharrezkoa zela esan nienean laguntzaile bat ere eskaini zidaten. Kontua da goizeko 04:00etan gaizki jartzen banaiz, soilik nire amak izango lukeela aukera ni artatzeko, laguntzaileek ez dituzte 24 ordu pasako nirekin. Irtenbide horrek ere ez du ezertarako balio. Horrez gain, larrialdiko gizarte etxebizitza batean sartzea proposatu didate, gehienez sei hilabeteko iraupenarekin. Partekatua izango zen hau ere. Pisu horietan gizarte laguntzaileen bisitak dituzu eurek nahi dutenean, eta ezingo nuke inolako bisitarik jaso, kartzela batean egotea bezalakoa da. Hiru gelako pisua eskaini didate, baina gela horietako bat beste norbaitek hartuko luke. Badirudi ez dutela ulertzen zein den nire egoera. Eurek badakite eskaini dizkidaten irtenbideak ez direla benetako alternatiba.

«Bost metro koadroko gela batean bizi naiz nire alabarekin batera»

Hortaz, ez dira nahikoak izan?
Ez, nire kasuan behintzat ez. Larrialdiko etxebizitza hauetan jendea metatzen ari dira. Gaixo egongo ez banintz, ondoko gelan beste ama edo aita bat sartuko lukete eta bestean berdin. Hori ez da normala, inork ezin du horrela bizi, ez da bidezkoa. Bizi daitezela horrela alkatea eta konpainia.

Zer da zehazki kanpaldiarekin eskatzen ari zarena?
Lehenik nabarmendu nahiko nuke ez dudala ezer nahi doan. Alokairuzko etxebizitza bat aurkitzea da nire nahia, baina oso zaila egiten ari zait. Alokairu duina nahi dut, 600-650 euro bitartean, bestela ezingo nuke ordaindu. Udaletxera etortzen naizenean, Oinaurreko etxebizitzen gaia, adibidez, Etxebidek eramaten duela esaten didate. Hara joan, eta baldintzak betetzen ez ditudanez, berdin-berdin geratzen naiz. Erakundeek presioa egin dezakete, hori argi dago, baina kontua da ez dutela nahi. Ez dakit udala salatu, edo Etxebide. Babesik gabe ikusten dut neure burua. Zertarako dago udala? Eta Santano jauna, soldata bat irabazteko eta parke politak egiteko bakarrik jarri al dute? Gaiaz kontziente baldin badira, pertsona gaiztoak direla esango nuke. Zenbat gustatuko litzaieke haiei San Juan plazan muntatu duguna kentzea.

María José Plazan

Udaletxe parean egonik, udal gobernuko kideekin topo egingo duzu, ezta?
Bai, eta ez naute agurtzen. Apirilaren 15ean Corchon ia udaletxeko ezkerreko arkupea ukitzen irten zen, gu ez ikusteko. Hemendik pasatzen dira eta ez dute begiratu ere egiten, existituko ez banintz bezala zeharkatzen dute plaza. Egun batean nirekin hitz egitera etortzen dira, eta hurrengoan ez dute deus ere ez egiten, ezta begiratu.

«Udalak eskainitako irtenbideak ez dira nahikoak izan, nire kasuan behintzat ez»

Herritarren aldetik, babesa sumatu duzu?
Babestuta sentitzen ari naiz, oso. Komentario berbera egin nion alkateari hona hurbildu zen egun bakarrean eta barre egin zuen. Egia esan, Irungo Facebook taldean jendetza dabil niri babesa ematen, ez nuen erantzun hau espero. Hemen Irunen jendeak ez nau ezagutzen, eta asko sekulako laguntza ematen ari dira, ikaragarria izaten ari da.

Eta talde politikoen aldetik?
PSE-EEk berdin jarraitzen du. EH Bilduk sartu zuen udaletxean mozioa, eta Ahal Dugu eta EAJk babestu zuten, baina azken hauek ez dira gehiegi busti. Bereziki EH Bilduko Jokin Melida eta Ahal Duguko David Sotok lagundu didate.

Noiz arte duzu asmoa kalean jarraitzeko?
Oso gaizki egon behar dut hemen, kalean, ez jarraitzeko. Beharrezkoa den arte jarraituko dut San Juan plazan, datorren abuztuan hemen ikusten dut neure burua. Halere, ez dut uste udaletxearen aldetik inolako erreakziorik egongo denik, gehiago ez dute egingo. Alokairuzko etxebizitza duina lortu arte, hemen geratuko naiz.

«Oso gaizki egon behar dut hemen, San Juan plazan, ez jarraitzeko»

Egindako presioak merezi izan duela uste duzu?
Espero dut baietz, zerbaitetarako balio izatea, baina oso zaila ikusten dut. Ni bezala jende asko dago horrelako egoera batean. Zeinek kobratzen ditu 1.400 euro? Oso zaila da. Gainera, alokairuzko etxebizitzak oso garesti daude egun, zerbait egin behar dute, honek ezin du horrela jarraitu. Jendea bere eskubideen alde kalera ateratzea beharrezkoa da, eta ez konformatu dagoen egoerarekin. Ohitzen ari gara aurrera egin beharrean atzera egiten. Egoera konponduko litzateke egunero plaza lepo utziko bagenu, orduan zerbait egingo lukete. Egia esan, lotsa gehiago ematen dit gela batean egoteak nire eskubideak kalean defendatzea baino.

Zein da zure ustez horrelako kasuak berriz ere errepika ez daitezen erakundeek hartu behar dituzten erabakiak?
Gizarte alokairuak egitea, zalantzarik gabe. Stop Kaleratzeak plataformak urte mordoa eman ditu hau eskatzen, eta ez diete kasurik egin. Ea behingoz udalek etxebizitza hutsak erosteko konpromisoa hartzen duten, alokairu duinak eskaini ahal izateko. Espero dut maiatzaren 26an Santano bere etxera bueltatzea, urte gehiegi eman ditu alkate bezala. Ea benetan herritarrak laguntzeko asmoa duen norbait esertzen den behingoz alkatearen aulkian. Hauteskundeen ostean, emaitzaren arabera noski, agian kazolakada bat egin daiteke udaletxean.

Etiquetas: