Irungo EH Bilduk euskararen kontrako oldarraldia salatu eta larunbateko Bilbon egingo manifestaziora joateko deialdia luzatzen die herritarrei

Kartela

Irungo EH Bildu.- EAEko Auzitegi Nagusiaren euskararen normalizazioaren aurkako azken epaiak hautsak harrotu ditu. Gauzak hala, aurreko astean egindako azken udalbatzan EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekinek eraso horiek gaitzesten zituen mozio bateratua aurkeztu zuten, euskararekin duten konpromisoa berretsiz.

Koalizioak kezkaz jarraitu ditu euskararen normalizazioren aurkako azken ebazpenak, udaletako hizkuntza-politikak guztiz mugatu baitituzte. Epai hauek oldarraldi judizial zabalago baten parte direla argudiatu dute, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen direnak.

Mikel Mendibil zinegotziaren hitzetan, "oldarraldi honen aurrean euskal instituzio orok duen erabakitzeko zilegitasuna aldarrikatu nahi dugu. Euskaldunok, kasu honetan udalen bitartez, gurea den hizkuntza babesteko eta bultzatzeko eskubidea dugu. Guztiok dakigu euskararen biziraupen eta indartzea arnasguneetan eta hizkuntzaren erabilgarritasunean daudela. Euskaraz bizi ahal izatean eta euskara bizitzarako erreminta baliotsu bezala baloratzean. Beraz, euskararen eta euskaldunen defentsan irmo jardungo dugula ozenki esan nahi dugu."

Irungo EH Bilduk, Euskalgintzako Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatutako mobilizazioarekin bat egiten dutela adierazi eta herritarrei bertara joateko deialdia luzatu nahi izan du, Irungo AEK-tik antolatu den autobusean izena emateko aukera badagoela gogoratuz.

Etiquetas: