Irungo EH Bilduk larunbatean Bilbon egingo duen mobilizazio nazionalean parte hartzeko deia luzatu die herritarrei

Kartela

Irungo EH Bildu.- Hirugarren urtez euskal herritarrak Nazioa Gara deituriko mobilizazio nazionalera deitu ditu EH Bilduk. Zita larunbatean, azaroaren 18an, Bilboko La Casillan izango da.

Kalera irteteko milaka arrazoi daudela adierazi dute, eta espainiar estatuan ireki den lurralde antolaketaren inguruko eztabaidan Euskal Herria protagonista izateko euskal naziotasuna aldarrikatu, eta erabakitzeko eskubidea exijituko dute. Aurtengo deialdian, musika eta kantuari garrantzi berezia eman diote kantua, kultura, hizkuntza, transmisioa eta komunitatea dela ulertzen baitute. Horregatik, eta Negu Gorriak taldearen Gora herria kantuari jarraiki, “Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko”, eta Mikel Laboaren Txoria txori abestia kantatuko dute Autonomia kalea betetzean.

Bidasoko EH Bildutik autobusak antolatu dituzte Bilbora joateko, eta Hondarribia eta Irunen izango dute irteera:

  • Hondarribia: 15:00 Miramar parean.
  • Irun: 15:15 San Juan Plazan.
  • Irun: 15:25 Landetxan.
  • Bilbotik itzulera: 20:00 San Mames.

Oraindik ere autobusean izena emateko aukera badagoela jakinarazi dute, ostirala bitarte, zabaldutako formularioa betez, edota irun@ehbildu.eus-era idatziz.

Etiquetas: