Gure Esku deialdiak Tourra gure eskualdean barna igarotzean

irudiak

Gure esku.- Jakingo duzuen moduan, uztailaren 1, 2 eta 3an Frantziako Tourra Euskal Herrian zehar ibiliko da. Horren harira, Gure Eskuk 7 probintziaz osatutako nazio bat garela eta erabakitzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko deialdia luzatu du "Basques decide. Euskal Herriak erabaki!".

Gure asmoa 3 etapa horietan ibilbide osoa ikurrinez eta aldarrikapenez betetzea da. Horretarako milaka ikurrina banatuko ditugu eta aldi berean sekula egin den ikurrinik handiena kaleratuko dugu. Deialdi eta ekimen ugari egongo dira eskualdez eskualde.

Bidasoari dagokionez, deialdi garrantzitsuena uztailaren 3an izango da. Izan ere, egun horretan Tourra Irundik Hendaiara pasako da eta batzuk muga zeharkatuko dela irudikatu nahiko duten arren, guk Tourrak Euskal Herrian jarraituko duela aldarrikatuko dugu Santiago zubian bereziki. Bidasoa ez da muga, zubia baizik. Eta bi aldeetan Euskal Herria dugu!!

Uztailaren 3rako deialdi nagusiak:

  1. Bete dezagun ibilbide osoa ikurrinez eta aldarrikapenez!
  2. Zentratu gaitezen bereziki Santiago zubiaren inguruan! Deialdi nagusia bertan izango da.
  3. Horretarako egitarau berezia antolatuko dugu:
    • 12:00tan Santiagoko frontoian elkartuko gara. Deialdia nazionala da.
    • Hortik kalejiran abiatuko gara. Kale animazioa izango dugu, buru handiak, erraldoiak, Pirritx-Porrotx eta Marimototx...
    • 14:00ak aldera Santiago zubian kokatuko gara (bazkaltzeko aukera izango dugu)
    • Etapa 16:00ak aldera iritsiko da bertara. Aurretik Tourreko karabana pasako da.

Larunbata honetan urdanibia plazan izango gara:

Tourreko ekimena zabaltzeko Euskal Herri osotik bueltaka dabilen Furgoneta ibiltaria Irunera iritsiko da larunbatean eta goizeko 11:00etatik 13:00ak bitartean Urdanibia plazan izango gara informazioa banatzen eta materiala saltzen. Tourrera begirako gure ekimena ezagutu nahi duen orok bertara hurbiltzeko eta informatzeko aukera izango du.

Etiquetas: