Abotsanitzek adierazten du EAJ-PNV kea saltzen dabilela gune tentsionatuaren eskaerarekin

Hondarribia

Abotsanitz.- Azken egunotan, hainbat hedabidetan EAJ-PNVren adierazpenak ikusi izan ditugu, tentsiopeko eremu izateko eskaera “akats larria” dela eta etxebizitza publikoak, tasatuak eta alokairuzkoak eraikitzeko deia eginez, herriak duen beharra asetzeko. Beste behin, iraganean boterean zeuden bezala ari dira jokatzen oposiziotik ere, hau da, kea saltzen.

Ez dugu ulertzen zergatik EAJ-PNVk “ospatu” duen Hondarribia tentsiopeko eremu izendatu ezin izana, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren azterketa batean oinarritua dagoena. Gaia oso serioa da, milaka hondarribiar pairatzen ari dira hamarkada luzeetan interes pribatu eta etxebizitzaren espekulazioa lehentasun gisa ezartzearen ondorioak. Hondarribian bizi ziren askok, erosketa ahalmenik ez zutelako, ondoko herrietara emigratu behar izan dute, erosahalmen handiarekin kanpotik etorritako pertsona eta empresak etorri direlarik bertako herritarrak ordezkatzera. Eta hori izan da EAJ-PNVren apustua udalean egon den agintaldietan.

Baina zer esan nahi du Tentsiopeko Gune izateak? Kontzeptua honela defini genezake: Alokairu-prezioen hazkunde neurrigabe eta jarraitua eman den eremu geografikoa, bertakoen diru-sarreren mailarekin kontrajarria. Hain zuzen ere, maiatzaren 24ko 12/2023 Etxebizitzza hLegean jasotzen denez, “bizitegi-merkatuko gune tenkatuak izendatu ahal izango dira, etxebizitza-arloko jarduketa publikoak jorratzeko, herritarrentzat etxebizitza eskaintza nahikorik ez dagoen lurralde-eremuetan, honela, merkatuan sartzeko aukera eskainiz.” Jarduketa publikoei dagokionez, nagusiki, herri osoko alokairuen prezioaren erregularizazioa ezartzen du, bai eta diru-laguntza publikoak osagarri gisa, alokairuzko etxebizitzen prezioa apaldu eta murrizteko helburuarekin.

Eta egoera honetan, geure buruari galdetzen diogu, zergatik ez zaio gustatzen Hondarribiko EAJ-PNVri Tentsiopeko eremuaren izendapena? Bada, merkatuaren prezioa arautzea, EAJ-PNVk babesten dituen interes pribatu eta espekulatiboen aurka joatea delako, luxuzko etxebizitza pribatuen alde eta publikoa zokoratuz, azken hamarkadetan erakutsi duen bezala. Sentikortasunik gabeko politiko horiek sortu dute Hondarribian etxebizitza bat eskuratzeko ezintasuna.

Hori gutxi balitz, EAJ-PNV bera, beste udalerri batzuetan, Donostian kasurako, Tenkaturiko eremu izendatzea eskatzen ari da, etxebizitzaren merkatua arautzeko tresna erabilgarria delako. Baina hori, jakina, Hondarribiko EAJ-PNVri ez zaio batere gustatzen.

Hondarribiarrek eta hondarribiarrentzat pentsaturiko hiri eredu bat nahi dugu, herritarrek eurak izanik proiektu honen protagonista. Azkenik, ibilbide honetan, etxebizitza gure ardatzi nagusienetako bat denez, agintaldi planean jasoko dugu Hondarribia Tentsiopeko eremu izendatzeko izapidetzea.

Jeltzaleek jakingo dute zein bandotan kokatuko diren gai honen inguruan. Guk, behintzat, argi daukagu nun egon behar dugun.

Etiquetas: