Irungo EH Bildu.- Irungo EH Bilduk hamabost zuzenketa aurkeztu dizkio udal aurrekontuen proposamenari. Proposamenak irundarrei begira egin dituztela azpimarratu dute, hala nola, etxebizitza, mugikortasuna, kirol azpiegiturak eta auzoetan hobekuntzak, bestek beste.
PSEk gutxiengoan osatzen duen Udal Gobernuak akordioak behar ditu udal aurrekontuak aurrera ateratzeko eta EH Bildu prest dago herritarren bizitzak hobetuko dituen adostasun batera iristeko.
EH Bildurentzako 2025 urteko udal aurrekontuak garaiz onartzea ezinbestekoa da Irunek dituen beharrei erantzun ahal izateko, eta horretarako, akordioetara iristeko ausardia eta determinazioa galdegin diote Udal Gobernuari.
“Aurrekontuek gure hiria hobetzeko aukera ematen digute. EH Bildurentzat, gure proiektuaren hiri eredua zein den ikusarazi eta egiturazko aldaketak planteatzeko aukera ere bada, esaterako, etxebizitza udal politiken erdigunean jartzea bilatu dugu. Baina hortik harago, aurrekontuek gobernuaren norabidearen berri ere ematen digute, eta horiek aurrera ateratzeko erdietsiko diren akordioek, hiri eredu zehatz bat irudikatuko dute. Gu prest gaude etorkizuneko Irunen aldeko adostasunetara iristeko, baina horretarako PSEK determinazio handiagoa erakutsi beharko du.”