Irun Palestinarekin Ekimena. Larreaundi-Olaberria Auzo Elkartea.- Israelgo Estatu Sionistak 1948. urtetik darama Palestina okupatzen. Edo bestela esanda: herri bat desagerrarazteko politikak gauzatzen 76 urteko historia du Israelek. 2023Ko urriak 7an gertaturikoaren ondotik, Netanyahuren gobernuak sarraskia muturrera eramateko unea zela ebatzi zuen. Palestinar herriaren kontrako genozidio planifikatua abiarazi zuen Tel Avivek mendebaldeko herrialde askoren oniritziarekin.
Urte beteren ondotik, genozidioaren saldoa beldurgarria zen: gutxienez 42.000 eraildako, horietatik 17.000 haurrak. Gainera 100.000 pertsonak zauri larriak edo anputazioak nozitu zituzten. Gaza erabat sarraskitua zegoen eta blokeopean, gaixotasun eta goseteak zabaltzeko baldintza denak ezarriak zituen Israelek. Hori gutxi balitz, odolustea telebistaz eskainia zen egunero. Egunero medio gehienek biolentziaren erabateko naturalizazioa jorratzen zuten.
Egoera mukur horren aurrean Larreaundi-Olaberria Auzo Elkartetik zerbait egin behar genuela ebatzi genuen. Euskal Herrian zein munduan hedatu zen elkartasun olatuari zegokigun tanta gehitzeko. Asmo handirik gabe, baina erantzukizunetik.
“Zer egin? Mural bat!”. Horixe izan zen auzo asanbladan gailendu zen proposamena. “Auzoko artista baten laguntzarekin diseinatuko dugu, eta ondotik auzoko ikastetxe, eragile, elkarte eta bizilagunak gonbidatuko ditugu murala gauzatzera. Elkartasun auzolana izango da!” Pentsatu genuen.
Bidelagunen bila, Irun-Palestinarekin ekimenarekin saretu ginen. Eta ordutik, mural komunitarioa elkarrekin lantzea adostu genuen. Lanketa hasi genuen. Pare bat astean dena genuen prest: diseinua, hautaturiko pareta, bi ikastetxerekin harremana, materiala erosia… auzolan egunak ere jarriak ziren!
Hasteko ginela jaso genuen debekua. “Se desestima” zioen Irungo Udalaren paper ofizialak. Hau da: eskaturiko paretan, proposaturiko murala egitea ukatzen zigun Irungo Udalak. “Zer dela eta? Bake eta askatasun mezu bat da, genozidio baten kontrako auzo ekimena” pentsatu genuen. Debekuaren notifikazioarekin inolako azalpenik ematen ez zenez, esplikazioak bilatu genituen Udal arduradunen artean. Azkenean sail arduradun politikoarengana iritsi ginen. Aurrez aurreko bilera” hitzartu genuen.
“Udalak irizpide argi bat du gai honi dagokionean” esan zigun sail arduradunak, “ez da inongo alderekin lerratuko”. Puntu. Udal arduradunaren aburuz, horrek dena azaltzen zuen. “Baina nola… beraz, berdina da genozidioa eragin eta nozitzen duena? Bonbak jaurti eta jasotzen dituena?” galdetu genuen. Berak erantzun zigun, Udal batzak mozio bat onartu zuela (PSE, PNV eta PP-ren babesarekin) non postura hori definitu baitzen. “Edonola ere” erantzun genion “murala ez da Udalak egiten duen ekimen bat, Auzo Elkarte batek eta Irun Palestinarekin ekimenak baizik, eta murala debekatzearekin zuen irizpidea inposatzen ari zarete beste eragile batzuei; eta horri... zentsura politikoa deitzen zaio” gehitu genuen guk. Udal arduradunak zera argudiatu zuen: pareta publikoak Udalarenak direla eta Udalak erabakiko duela zer egin daitekeen horietan eta zer ez. “Nola!? Aldi baterako dagoen Udal Gobernuarena dela irundarron ondare den espazio publikoa!? Gauza bat da kudeaketaren ardura izatea, bestea ondare propio bezala ulertu eta nahieran erabiltzea. Modu ideologizatuan gainera” gehitu genuen.
Alperrik, azken hitza esana zuen.
Irungo Udal arduradunak debekua berretsi zigun aurrez aurre: bakea eta askatasuna eskatzen zituen auzo murala zentsuratua zegoen. Lur jota, amorratuta eta arduratuta atera ginen bileratik: telebistan ikusten dugun elkartasunaren kontrako zentsura, nola Frantzian hala Alemanian ere, irunen ere funtzionatzen du. Bere moduan noski, baina oso forma hertsatzailean: pentsa, auzo bateko mural xume bat debekatzeraino!
Kamiseta hauek zentsura horri erantzuna dira. Erantsia duten diseinua Larreaundiko pareta batean egoteko diseinatu zen, alta, hori debekatuta, irudia biderkatzea erabaki dugu. Kamiseta soinean izanda, Palestinako herriarekin elkartasuna adieraziko duzu, baita solidario lanean ari diren elkarteak lagundu ere. Horrez gain, janzten duzun bakoitzean Irungo Udalak diseinuari jarritako mozala zulatuko duzu, paretan geldo ez dagoena, hara eta hona ibiliko baita zurekin.
Kamiseta erreserbatu nahi baduzu, telefono honetan egin dezakezu: 653862445