Aste honetan pintaketa faxistak agertu ziren Lakaxitan. Hori dela eta, faxismoaren aurkako salaketa eta jarrera irmoa dela eta, pertsona talde handi batek elkarretaratzea egin zuen atzo Moskun.
Hainbat mezu nazi-faxista agertu ziren joan den asteartean Lakaxita Gaztetxean, “gauekotasunez eta azpikeriaz”, “Defend Europa”, “Anti-antifa”, “Stop LGTBI” eta “Guerra sin cuartel”, besteak beste. Horren aurrean, elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian Moskun. Lakaxitatik ozen esan nahi dute: “eraso hau Lakaxita bezalako gune aske autogestionatu baten aurkako erasoa izan da eta bertan militatzen dugun guztion gorputzak mehatxatzen ditu. Halaber, mural horiek egin dituztenen adierazpen askatasuna urratu eta eraso egin da”.
Elkarretaratzean adierazi dutenez, jakitun dira “faxismoa beti egon dela artikulatuta eta antolatuta, eta ez dela eraso bakana izan”. Eta, ildo horretatik, gehitu dute Lakaxita inguruan eta Irunen zehar mezu berdinak dituzten pegatinak ere agertu direla, baita Hondarribiko kai berrian edota Aritxulegiko Langile Batailoietako gatibuak omentzeko oroigarrian ere. Alabaina, pegatina edota kartel nazi-faxistak topatuz gero horiek kentzerakoan kontuz ibiltzeko ohartarazi dute, “kristal zatiak baitituzte atzean”.
Era berean, faxismoa ezer berria ez dela badakitela gaineratu dute, eta “nahiz eta azkenaldian gure kaleetan oihartzun handia izan duen, gu beti adi eta antolatuta egon gara. Lakaxita osatzen dugun pertsonok tinko gaude faxismoaren aurrean, beldurrik gabe. Faxismoarekin ez da eztabaidatzen, borrokatzen da, erantzuten da, eta hori beti aukeratu dugula aldarrikatu nahi dugu”.
Bestalde, esker hitzak ere izan dituzte hizpide gaurkoan. Pintada faxistak kentzera gerturatu direnei, sare sozialetan babesa eta atxikimendua adierazi dieten gaztetxe, gazte asanblada, sare, kolektibo eta norbanako guztiei eman dizkie eskerrak, baita, noski, elkarretaratzean ziren guztiei. “Argi dago elkarrekin egin behar dugula borroka eta elkartasun keinu eta ekintzak ezinbestekoak dira horretarako”.
Amaitzeko, faxismoari aurre egiteko kultura ere beharrezkoa dela aldarrikatu dute, eta aurreratu dute urtarrilaren 3an Iñigoren Dizipuloak taldeak emanaldi berezi bat egingo duela Lakaxitan. Aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago.
Iturria bidasoa.hitza.eus.