Autobus zerbitzua, EAJ-PNVren ardura ere bada

Autobús

Abotsanitz.- Joan den astean, bai Hondarribiko PSE-EE zein EAJ-PNV agertu ziren komunikabideetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidasoalderako aurkeztu duen autobus zerbitzu berriaren proiektuarekin, 196,5 milioi euroko kostua izango duena hurrengo hamar urteetarako. Egun eskaintzen den zerbitzua, hemendik hilabete batzuetara lizitatu egingo da eta horrek, neurri berriak ekarraraziko dizkio hondarribitar orori.

Dakigunez, saiakera bat egin zen udaletik, alderdi guztiek amankomunean zeozer egiteko asmotan, baina ez zen aukerarik egon. Izan ere, bilera hori eduki eta hurrengo egunean, EAJ-PNV publikoki agertu zen beraien Iritzia azalduaz. Lehenengo zintzotasun faltaren adierazle beste alderdiekiko.

Komunikatu hartan, EAJ-PNVren aldetik, “linea batzuk hobetzea, beste batzuk okertzearen kontura” ez zela zerbitzua hobetzea adierazi zuten. Esan beharra dugu, bitxia egin zaigula benetan, ze azal fina adierazi duten hondarribiarren aurrean, beraien ardura izango ez balitz bezala saldu baitute zerbitzuen okertze hori. Eta jeltzaleei zintzotasuna eskatu beharrean gaude berriz ere, izan ere, beraiek baitaude boterean Gipuzkoako Foru Aldundian eta neurri horiei aldeko bozka eman zieten batzarretan... justuki, Hondarribian bizi diren batzuk horren parte izan zirelarik, beraz, hori ere kasualki ahaztu zaiela esatea, asko iruditzen zaigu.

PNV-rekin amaitzeko, ardura eskatu nahiko genioke beren deklarazioetan. Izan ere, Aldundiari eta Udalari eskatzen diote “aldaketa horiek indarrean sartu aurretik, komunikazio-ahalegin bat egin dezatela informazioa herritar guztiengana irits dadin”. Herritarrak nahasteko helburuarekin egindako deklarazioak dira, jakinda beraiek direla Aldundian arduradun nagusi eta proiektu hau defendatu dutenak, eta aipatu bezala, Udalak ez duelako aukerarik eduki proiektuari ekarpenak edota proposamenak txertatzeko.

Guri dagokigunez, Foru Aldundiak publiko egindako aurkezpena, kezka eta harriduraz jaso dugu. Ez dugu ez guk ez Udalak proiektuan ekarpenak egiteko aukerarik izan, dena lotuta ekarri dute, beste behin. Gure ustez, gaur egun, garraio publikoak ez ditu herritarren beharrak asetzen. Haratago joango gara, esanaz Hondarribiko herritarrak garela lehen kaltetuak, hots, garraio publikoaren erabiltzaileak, tamalez, garraio publikoa gutxi edo inoiz hartzen dutenen eta kotxe ofizialez inguratuta bizi direnen erabakiak pairatu behar izaten dugularik.

Baina proiektuaren nondik-norakoetan ere, balantzan jarrita, ospitale eremuarekin lotura eta erdigunera sartu gabe aireportua eta Donostiaren arteko zuzeneko zerbitzua positibotzat izan daitezke. Haatik, badaude hobekuntza gisa saldu nahi diguten eta hondarribitarrentzat okerrera egingo duten zerbitzuak ere eta esan bezala, gu izango gara lehen kaltetuak, herrian bizi eta zerbitzu horien beharra dugunok, ikastera, lanera edota erosketak egiteko beharrezko garraio gisa erabiltzen dugunok. Maiztasunak kaltetu egingo dira Hondarribia eta Irun lotzen duen E25ean (oraingo 15 minututik 20 minutuko maiztasunera pasako da, hots, orduro autobus bat galduko dugu) eta Donostiako zerbitzu zuzena E21 eskaintzen duenean (45 minutuko maiztasunetik ordu betekora pasako da).

Proiektu honen aurrean eta Hondarribitarren zerbitzuen zati garrantzitsu bat okerrera doan heinean, ez dugu beste biderik salaketa publikoa jorratzearena baino.

Etiquetas: