Alarde Publikoko Meaka konpainiak San Martzialetarako giroa berotuko du igandeko mendi martxarekin Alarde Publikoak

Meaka Auzoko Konpainiaren ikurriña

Alarde Publikoko Meaka konpainia.- 27 urte beteko dituen honetan, hamairugarren konpainia bat gehituko zaio, orduan hasitako bideari eutsi eta berdintasunaren alde borrokatzen jarraitzeko. Meaka konpainia berria ilusioz beterik doa San Martzial egunerako bidean.

Hiru hilabete eskas geratzen dira Irungo jaiak ospatzeko eta buru belarri dabil prestaketa lanetan. 2024ko irailean lehenengo batzarra egin eta konpainia bezala eratu zenetik, lan asko egin dira, eta horietako batzuek garrantzi handia izango dute etorkizunean. Esate baterako, logotipoaren eta banderatxoaren diseinuek. Biek lotura zuzena dute Meaka auzoaren ingurunearekin. Batetik, logotipoan auzoa ureztatzen duen Arantzate erreka agertzeaz gain, Irugurutzetako labeek dute protagonismo nagusia. Gogoratu behar da Gipuzkoan dagoen labe bateria handiena duen meatze gune hau Kantauri itsasertzeko garrantzitsuenetakoa izan zela.

Bestetik, banderatxoan Aiako Harriaren profila diseinatu dute, auzoa mendiaren magalean baitago.

Halaber, pasa den otsailean konpainiako agintariak aukeratu ziren. Nagore Olaskoaga Alsua kapitainarekin batera, Nerea Pino Rivas arituko da teniente lanetan eta Anne Gomez Amiano alferez. Baina ardura guztia ez dago soilik haien gain, izan ere, konpainia honen esentzia talde lana dela azpimarratu nahi dute.

Ido beretik, kideen arteko adostasuna erdietsi ondoren, Konpainiak San Pedro eta San Martzial egunetarako izango dituen kontzentrazio-lekuak erabaki ditu, bi kasuetan Ola sagardotegia izango delarik. Era berean, Armak ikuskatzeko lekua ere erabaki dute, Juanita jatetxearen parean bain zuzen ere.

Bestalde, egitasmo ludikoagoek ere tokia dute konpainiaren ibilbidean. Joan den otsailaren Lean lagunarteko bazkaria egin zuten auzoan, haien burua konpainiako partaide gisa aitortzeko. Lortutako erantzuna ezinhobea izan zen. Bertan jadanik beste konpainia batzuetan urteak desfilatzen daramatzatenak, nahiz lehenengoz parte hartuko dutenak elkartu ziren.

Orduko arrakasta errepikatzeko asmoz, asteburu honetarako mendi martxa bat antolatu dute. Igandean, apirilak 6, Meaka auzo elkartea abiapuntu izango duten bi ibilbide zirkular egongo dira, bata luzeagoa eta bestea motzagoa, bakoitzak erabakiko du zein egin. Luzeak 7 km inguru neurtzen ditu eta Aldabe, Saroia, Arantzateko dorrea, lIbarburu edo Paleta bezalako baserrien ondotik igarotzen da. Honako ibilbidea egiteko irteera ordua 09:45 izango da. Motza 3,5 km ingurukoa da. Familia osoarekin egiteko parada eskaintzen duen ibilbide honi 10:30ean emango zaio hasiera. Ondoren, 12:00ak aldera pintxo-potea eskainiko dute auzo elkarteko tabernan.

Honakoa auzoan barrena ibiltzeko aukera paregabea da. Ekitaldiak konpainia osatuko duten pertsonak elkartzeko helburua badu ere, tarte atsegina eta giro onean pasa nahi duen edonor gonbidatuta dago.

Aurrekoez gain, martxoko hirugarren asteburutik eta datorren ekainaren 7a arte, larunbatero musika tailerrak eskainiko dituzte Arbesko Toki Alai HH eskolan, 10:30etik 12:30era. Horrela, Meaka konpainiarekin alardean parte bartu nahi duenak musika instrumenturen bat jotzen ikasteko aukera eduki dezan bermatu nahi dute.

Hala ere, konpainian desfilatuko duten pertsonei zuzenduta egoteaz gain, tailer hauek izaera irekia dute eta nahi duen oro gertura daiteke bertara.

Bukatzeko, hurrengo hitzordua kantinera aukeraketa izango da. Maiatzeko lehenengo hamabostaldian hautatua izango denak Alarde Parekideko Meaka konpainiako lehen kantinera izateko ohorea edukiko du. Eta entseguen egunak, ordutegiak eta ¡ibilbideak oraindik zehaztu gabe badaude ere, gainontzeko konpainia guztien ohiko ekitaldiak jarraituko ditu Meakak, hala nola, 28, 29 eta 30 egunetakoak.

Etiquetas: