Gida hau Aurrez-Aurre elkarteak egin du eta emakumeak kirolean sustatzea du helburu. 'Hamaika emakume, hamaika erronka' erakusketa ere zabaldu dute.
Emakumeek jarduera fisikoan eta kirolean duten parte-hartzea gizonena baino askoz txikiagoa da. Atleta profesionalak izatera iristen direnean, sabaian eta kristalezko soldatan arrakala batekin egiten dute topo, baina bereizketa txikitatik hasten da.
Hiru ikasturte daramatza Kirol Elkarteak kirol arloan lanean, herriko klub guztiekin elkarlanean. Alde batetik, herriko klubei genero formakuntza eskaini diete, eta guztien artean, KIROLA PARE(T)EKATUZ DOMINGO SASOI ekimena antolatu dute bi urtez. “Kirola kalera atera eta emakumeentzako kirol eskaintza gizarteratzea” du helburu.
Aste honetan herriko klubek emakumeei eta neskei zuzentzen dieten kirol eskaintza biltzen duen gida aurkeztu dute, herriko hainbat klubek lagunduta. Gida hau kaleratu duten hirugarren urtea da eta asmoa eskaintza hau ezagutaraztea eta gerturatzea da. Eskaintza zabala denez, “neskato eta emakume guztiak animatu” nahi dituzte.
Guztira, 30 elkartek baino gehiagok hartu dute parte prestakuntzan, eta osatu duten zerrendan kirol bakoitzaren xehetasun guztiak jarri dituzte. Hala ere, aurten, berritasun gisa, klub bakoitzarekin lanean egon direnean ikusi dituzten praktika onak edo aholkuak zerrendatu dituzte, “indarkeria matxista saihesteko eta kirolean benetako berdintasuna sustatzeko”.
Era berean, erantzunkidetasuna sustatzeko edo kontziliazioa bultzatzeko eta emakumeen parte-hartzea handitzeko aholku posibleak zerrendatu dituzte. Horren adibide gisa aipatu dituzte ordutegi malguak edo komunikazio eta planifikazio argia.
Gidaz gain, emakumeen kirola ikusaraztea helburu duen “Hamaika emakume, hamaika erronka” erakusketa aurkeztu dute. Mendi Urruzuno argazkilariaren lana da eta erakusketa Txingudiko Elkarte Feministak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak elkarlanean antolatu dute.
Bosgarren topaketa pedagogiko eta feminista egin du Kera elkarteak
Kera elkarteak ere hainbat hitzordu prestatu ditu urriko lehen egunetarako. Izan ere, elkarteak bere bosgarren topaketa pedagogiko eta feministak antolatu ditu urriaren 7tik 10era, eta horietan kirolak protagonismo berezia izango du. Topaketan bosgarren edizioa bera goraipatuko dute, baita ijitoek Iberiar penintsulan 600 urte daramatzatela ere.
Horretarako, urriaren 7an, asteartean, iaz Irunen izan zen Sara Montoya boxeolariaren Kolpez Kolpe (18:00) filma proiektatuko dute Oiasso Museoan. Urriaren 9an, osteguna, Emakume Ijitoen Topaketa egingo dute goizean, eta arratsaldean Stadium Gal-era joango dira, Tramontana klubarekin solasaldia egiteko. La Tramontana emakume ijitoen lehen klub federatua da, eta emakume jokalariekin hainbat erronkari buruz hitz egingo dute, 17:00etatik aurrera. Ondoren, 19:00etan, Mariño Real Unionen aurkako partida jokatuko du taldeak. Amaitzeko, urriaren 10ean, Emakumeok Zast! Programako beste hitzordu bat izango dute, eta Tramontana taldea Irunen izango dela aprobetxatuz, 10:00etatik 12:00etara egingo dute saioa.
Carmen Diaz Mantegi antropologoa Behobia-Donostia lasterketari buruz
Txingudiko Elkarte Feministak ere azken hitzordua antolatu du urrirako. Elkarteak emakume talde bat dauka Behobia-Donostia lasterketa prestatu eta bertan parte hartzeko eta bueltan, urriaren 30erako hitzaldia antolatu du Behobia-Donostia elkartearekin batera. Behobia-Donostia lasterketako antolakuntza taldeko kide den Carmen Diaz Mantegi antropologoak emango du hitzaldia. Diaz Mantegik kirola, emakumea eta berdintasuna izango ditu hizpide Sandra Piñeirorekin.



