Irungo Emakumeen Etxea Elkartea.- Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak ahotsa altxatu eta borroka feministako egun honetako aldarrikapenekin bat egin nahi du. Egun honek gogorarazten digu emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna egiteke dagoen helmuga dela oraindik ere, eta gaur egun ere, gure hirian bertan, emakume izateagatik diskriminazioa, genero-indarkeria eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeak daudela.
Eskuin muturraren diskurtso ukatzaileen aurrerapenak kezkatzen gaitu, emakumeek lortutako eskubideak geldiaraztea eta borroka feminista deslegitimatzea bilatzen baitute.
Ezin dugu onartu atzerapausorik ere ematea berdintasunaren eta eskubideen arloan.
Gorroto eta atzerapauso diskurtso horien aurrean, feminismo indartsu, inklusibo eta eraldatzaile batekiko konpromisoa berresten dugu.
Irungo Emakumeen Etxea Elkartetik, Udalarekin sinatutako kogestio-hitzarmenaren esparruan, gure hiriko emakumeen ahalduntzea indartzeko, asoziazionismo feminista sustatzeko eta genero-indarkeria eta indarkeria matxista jasaten dutenei laguntza eskaintzeko lan egiten dugu. Gure helburua da espazio seguruak, sororitate eta erresistentziakoak eraikitzen jarraitzea, emakumeak askatasun eta autonomia osoz garatu ahal izateko.
Aurten “Ni feminista naiz” lelodun kanpaina aurkeztu da Emakundek, hiru foru aldundiek eta EUDELEK bultzatuta. Mezu argi eta sendoa, gure egiten duguna, feminismoa ezinbesteko tresna baita guztiontzako gizarte bidezkoago eta berdinzaleago bat lortzeko.
Benetako berdintasuna lortzeko bidean gizarte osoa inplikatuko duten politika feminista konprometituak eta ekintza zehatzak eskatzen ditugu. Horregatik, Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak bat egiten du gure hirian deitutako elkarretaratze eta manifestazioekin, berdintasunaren aldeko borroka ez baita egun bakar batera mugatzen, urteko 365 egunetan mantendu behar baita.
Eskubideak eskatzen jarraituko dugu, antolatzen jarraituko dugu eta ahotsa altxatzen jarraituko dugu. Izan ere, berdintasunean eta eskubideetan, ez dugu atzerapausorik emango.