Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak prentsaurrekoan salatu du EAEko Gobernuak erabaki duela gutxieneko pentsioak LGSren %100era arte osatzeko gure LHEa tramitera onartzea galaraztea. Manifestazioa deitu du irailaren 20an, 12:00etan, Donostiako Boulevardean. Bestalde, San Juan plazan elkarretaratzeak egiten jarraitzeko deia egin dute, astelehenero, 12:00etan, duela zazpi urte baino gehiago egin duten bezala.
Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduaren arabera “gobernuaren erabakia burla bat da bildutako 145.000 sinadura baino gehiagori, sindikatuei, ehunka erakunde sozial eta feministei eta gizarteko ia 300 pertsona esanguratsuri babesa eman digutelako”.
Uste dute “pentsaezina” dela “Legebiltzarreko ateak ixtea araugintzako baldintza guztiekin eta legegintza dinamikan herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin egindako ekimen bati”.
EAEko Parlamentuan Herri Ekimen Legegilea eztabaidatzea eta bozkatzea galarazten duen erabaki honen aurka agertzeko deia egin diete “pertsona, pentsionista, langile, gizon, gazte eta emakume guztiei, gobernuak bere jarrera berrazter dezan eta Herri Ekimen Legegilea tramitera onartzea babes dezan” Horretarako, irailaren 20rako manifestazioak deitu dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Donostiakoa 12:00etan izango da, Bulebarrean.

